Mundua -
Epaiketa, Norvegian
Erotzat jo nahi izana egotzi die Breivikek bi adituri
Horren esanetan, bi psikiatrek testuingurutik atera zituzten bere adierazpenak, bere ideiak manipulatu zituzten eta bere adierazpenak modu nahasian eman zituzten.
Erredakzioa
Gaixo mentaltzat jotzeko lehen txosten psikiatrikoa manipulatu izana egotzi die Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak txosten hori egin zuten bi adituei. Uztailaren 22an, Norvegian, 77 pertsona hiltzea egotzita epaitzen ari dira Breivik.
"Ondorio bat arinegi atera zutela iruditu zitzaidan. Eta txostena osorik irakurtzen bada, ondorio hori arrazoitzeko lan egin zutela ikusten da", esan du 33 urteko muturreko ideologia duen norvegiarrak.
Breiviken hitzetan, Synne Sorheim eta Torgeir Husby psikiatrek bere txostenean idatzitako "% 80 gezurra" da, eta bere jokabidea "maltzurra" izan dela gaineratu du.
Horren esanetan, bi psikiatrek testuingurutik atera zituzten bere adierazpenak, bere ideiak manipulatu zituzten eta bere adierazpenak modu nahasian eman zituzten "azkarregitzat ez jotzeko"; hori dela eta, elkarrizketa horiek grabatu ez izana deitoratu du.
Breiviken ustez, txostena irakurri ostean, logikoa da jendeak erotuta dagoela pentsatzea, baina txosten horretan aztertu duten pertsona ez dela bera azpimarratu du.