Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak eta Mendebaldeak errezeloz hartu dute Errusiak Kieven aurkako erasoak murrizteko egindako iragarpena
Pentagonoaren ustez, tropak berrantolatzeko estrategia bat da, ez benetako erretiratzea. Ukrainako presidenteak bide beretik hitz egin du, ez direla inozoak eta etsaiak herrialdean jarraitzen duela azpimarratuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 35. eguna betetzen den honetan, Ukraina eta Mendebaldea ez dira Errusiaz fio eta errezeloz hartu dute Kiev eta Txernihiv hirien aurkako erasoak "nabarmen" murriztuko dituela esanez egin duen iragarpena. Pentagonoaren ustez, tropak berrantolatzeko estrategia bat da, ez benetako erretiratzea. Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak ere bide beretik hitz egin du. Ez direla inozoak esan du, eta ohartarazi du "etsaia" oraindik herrialdean dagoela eta, hortaz, arriskua ez dela desagertu.
Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak bart ziurtatu duenez, "oso litekeena" da Errusiak Ukraina iparraldean dituen tropak ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetara mugitzea.
Bitartean, erasoek ez dute etenik. Azken orduetan, gutxienez 12 pertsona hil eta 33 zauritu dira Mykolaiv hiriko eraikin administratibo baten aurkako bonbardaketa batean, tokiko agintarien arabera.
Istanbulen, orain arteko bilerarik emankorrena egin zuten atzo Errusiako eta Ukrainako talde negoziatzaileek. Vladimir Medinsky ordezkari errusiarraren arabera, bilera eraikitzailea izan da. Itxuraz, Vladimir Putin presidente errusiarra ere bat etorri da balorazio horrekin, aurrerapausoak izan direla onartu baitio Emmanuel Macron presidente frantziarrari.