Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenskin eta Putinen arteko aurrez aurreko bilera "iristear" egon daiteke
Bien bitartean, Kievetik aldendu eta Donbas menderatzen saiatzen ari da Errusiako Armada. Halaber, Ukrainako Gobernuak esan duenez, bere Armadak dozenaka herri berreskuratu ditu Kiev hiriburua inguratzen duen eskualdean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Ukraina eta Errusia arteko negoziazioak aurrera doaz, eta Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin presidenteen arteko aurrez aurreko bilera iristear egon daiteke". David Arahamiva Ukrainako Gobernuko ordezkaritza buruaren hitzak dira, Telegram bidez atzo zabaldutakoak. Horren arabera, Ukrainako Gobernuak akordiorako mahai gainean jarri duen zirriborroa "bi buruzagiek elkarrizketei ekiteko adina garatuta" dagoela iritzi dio Errusiak, eta beraz, baliteke bilera laster izatea.
Arahamivaren hitzetan, ostiralean Tayip Erdogan Turkiako presidentearekin hitz egin zuen telefonoz Putinek, eta elkarrizketa horretan aurreratu zuen Zelenskirekin "bilera antolatzeko dena prest" dagoela. "Data eta tokia ez daude itxita, oraingoz, baina oso litekeena da hitzordua Istanbulen edota Ankaran izatea", esan du Ukrainako Gobernuko ordezkariak. Bilera hori ahalbidetzeko zintzilik dauden hari-muturrak lotzen ari direla ziurtatu du.
Halaber, aurreratu duenez, Ukrainak lurraldetasunaren eta subiranotasunaren inguruan egin dituen proposamen gehienak onartzeko prest legoke Errusia, baina Krimeari buruzko planteamenduan legoke askatu ezin duten korapiloa.
Negoziazioek ez dutela etenik adierazi du Arahamivak, eta bi aldeen ordezkaritzak ia egunero ari direla telematikoki biltzen azaldu du.
Bien bitartean, Ukrainako Gobernuak esan duenez, bere Armadak dozenaka herri berreskuratu ditu Kiev hiriburua inguratzen duen eskualdean, eta Errusiako Armadak indar gehiago eraman ditu Donbasera, guztiz menperatzeko helburuarekin.
Halaber, Mikel Ayestaran EITB Mediako korrespontsalak atzo azaldutakoaren arabera, Errusiako Armadak Irpinetik alde egin du eta, urrun ez dagoen arren, atzean soldaduen eta zibilen gorpuak utzi ditu. EITB Mediaren talde bat hirian sartu da.
Kremlinak akordioa lortzea ipini du baldintza gisa
Kremlinaren arabera, Errusiako presidenteak ez dio inoiz uko egin ukrainar homologoarekin biltzeari, baina azpimarratu du ordezkaritzak prestatzen ari diren idatzizko akordioa prest dagoenean bakarrik izango dela eraso militarra eteteko bilera.
"Putinek ez dio inoiz ezetz esan horrelako bilera bati, eta hipotetikoki posiblea da, baina hori gertatzeko ezinbestekoa da bi ordezkaritzek txosten zehatz eta heldu bat prestatzea", adierazi du Dmitri Peskov errusiar Presidentetzako bozeramaileak.
"Ez gara ideia sorta bati buruz ari, idatzizko txosten zehatz bati buruz baizik. Orduan iritsiko da bilera hori", nabarmendu du Rossiya 1 telebista katean.
Peskovek azaldu duenez, Errusiak gogoan du oraindik Ukraina Donbasen Minskeko Bake Itunak zazpi urtez ezartzen saiatu zeneko porrota. Hori da, izan ere, Kremlinak "operazio militar berezia" deritzona abiatzeko erabilitako argudioetako bat, Errusiaren aldeko Ukrainako ekialdean "genozidioa" ekiditeko eta askatzeko.
"Errusia eta Ukraina arteko negoziaketen atzeko esfortzu handiaren emaitza bezala, espero dut txosten bat sinatu ahal izatea, hori urrats garrantzitsua izango baita egoeraren normalkuntzarako", baietsi du Putinen bozeramaileak.