Mundua -
Ukrainako gerra
Frantziako Justiziak lau ikerketa martxan jarri ditu ustezko gerrako krimenengatik
Horietako hiru formalki astearte honetan abiatu ditu Mariupol (otsailak 25 eta martxoak 16 artean), Gostomel (martxoak 1 eta 12 artean) eta Txernihiv (otsailaren 24tik) hirietan jazo diren gertakariengatik.
Agentziak | EiTB Media
Frantziako Justiziak dagoeneko lau ikerketa zabaldu ditu, biktima frantziarren aurka Ukrainan ustez egindako gerrako krimenengatik. Oraingoz ez du ustezko arduradunik aipatu, baina Errusiako indarrak izan daitezke.
Frantziako Terrorismoaren Aurkako Fiskaltza Nazionalak (PNAT) agiri batean azaldu duenez, horietako hiru formalki astearte honetan abiatu ditu Mariupol (otsailaren 25 eta martxoaren 16 artean), Gostomel (martxoak 1 eta 12 artean) eta Txernihiv (otsailaren 24tik) hirietan jazo diren gertakariengatik.
Gizateriaren aurkako Krimenen eta Gorroto Krimenen Bulegoko (OCLCH) polizien esku utzi dituzte ikerketak.
Martxoaren 16an, PNATek jadanik beste ikerketa bat martxan jarri zuen gerrako krimenengatik, Pierre Zakrzewski kameralariaren heriotzagatik. Fox News AEBko telebistaren langilea zen, eta Kieveko iparraldean tirokatu zuten.
Kazetari ukrainar bat, talde bereko kidea, ere hil zuten erasoan.
Frantziako Justiziak atzerrian egindako gerrako krimenak ikertzeko eskumena du, tartean biktima frantziarrak edo Frantzian bizi diren herritarrak daudenean, baina baita ustezko egilea edo egileak frantziarrak direnean ere.