Mundua -
Ukrainako gerra
EBn sartzeko hautagaitza azkar aztertuko dutela agindu dio Von der Leyenek Zelenskiri
Bestalde, Ukrainako presidenteak ziurtatu du Kieveko Gobernuak Bruselaren galderei "lehenbailehen" erantzungo diela.
Agentziak | EITB MEDIA
Europar Batasunarekin bat egiteko prozesuan, hautagaitzaren inguruko txostena "asteetan" egingo dutela agindu dio Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari. Hori bai, lehenago gaur Zelenskiri entregatu dion txostenaren galderei erantzun beharko die Kievek.
"EBra iristeko pauso garrantzitsua da hau", esan dio Von der Leyenek Zelenskiri, agiria ematen zion unean, Kieveko Presidente Jauregian.
"Hemen hasten da EBn sartzeko zure bidea", azpimarratu du Europar Batasuneko buruzagiak. Zentzu horretan, Batzordearen azterketa "ez da beti bezalakoa izango, urteetako kontua, asteetakoa baizik", bermatu du Von der Leyenek.
Bestalde, Ukrainako presidenteak ziurtatu du Kieveko Gobernuak Bruselaren galderei "lehenbailehen" erantzungo diela.
Batzordeak prozedura amaitzen duenean seguraski Ukrainak gerran jarraituko duela aditzera eman diotenean, "Ukrainak gerra irabaziko du, demokrazia eta askatasuna irabaziko ditu", irmo erantzun du Alemaniako Defentsa ministro ohiak.
Gainera, Europar Batasunak "Ukrainaren ondoan lan egingo du gerraren ostean herrialdea berreraikitzeko", erantsi duenez.
Butxa
Bestalde, 300 zibil baino gehiago hil dituztenek euren "basakeriengatik" kontuak eman beharko dituztela agindu dute Von der Leyenek eta Josep Borrell EBren Atzerri Politikarako goi ordezkariak Butxan.
Zelenskirekin bildu baino lehen, bi buruzagiek Kieveko kanpoaldean dagoen herria bisitatu dute. "Ankerkerien arduradunak justiziaren aurrera eramango ditugu", ziurtatu dute.
Beste 500 milioi euro, Ukrainari armak emateko
Borrellek jakinarazi du beste 500 milioi euro bideratuko dituztela Ukrainari armak emateko, gerra gogortu dela ikusita, eta diplomazialariak Kievera itzuliko direla.
Europar Batasunak 1.500 milioi eurora igo du Europako Bake Mekanismoaren funtsa, Kievi armak emateko sortua, eta inbasioa hasi zenean iragarritakoa hirukoiztu du.
Gainera, Borrellek iragarri du EBko estatuetako diplomazialariak Kievera itzuliko direla, hiriburuan egoera nabarmen hobetu dela ikusita. "EB Kievera itzuliko dela baiezta dezaket. Gure ordezkaritzaren burua Kievera itzuliko da, eta horrela zuzenago eta gertuago lan egingo dugu", adierazi du Ukrainaren aldeko keinu gisa.
Goi Ordezkariak azpimarratu du "harrigarria" dela Ukrainako Gobernuak bere osotasunean martxan jarraitzea gerraren egoera "zaila" gora-behera.
Roberta Metsola Euroganberako presidentearen bideari jarraitu diote Europako Batzordeko buruak eta EBko diplomaziaren buruak; izan ere, joan den astean, inbasioaren hasieratik Ukrainara bidaiatu zuen lehen goi-karguduna izan zen Metsola. Lehenago Europako zenbait agintarik egin zuten, baina ez hogeita zazpien izenean, Von der Leyenek eta Borrellek egingo duten moduan.