Mundua -

Gerra Ukrainan

Gutxienez 50 pertsona hil dituzte tren geltoki baten aurkako erasoan, Donbassen

Ukrainako agintariek Errusiari egozten diote erasoaren egiletza, baina Moskuk ukatu egin du bertan operaziorik egin duenik. Nazioarteak gaitzetsi egin du sarraskia.

Kramatorskeko geltokian hildakoak. Argazkia: Efe
Kramatorskeko geltokian hildakoak. Argazkia: Efe
Hamarka zibil hil dituzte tren geltoki baten aurkako erasoan, Donbassen

2:36

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina ekialdeko Kramatorsk hiriko tren geltokiaren aurka eraso egin dute gaur eta 50 dira gutxienez hildakoak, tartean lau haur, azaldu dute bertako agintariek, ebakuatzeko zain milaka pertsona zeudela gogorarazi aurretik.

Hildakoen artean lau adingabe daude, Alexander Gontxarenko alkateak Twitterren zabaldu duenez, eta zauritutako 90 lagunen artean "oso larri" daude batzuk, tartean besoak eta hankak galdu dituztenak.

Pavlo Kirilenko Donetskeko gobernadoreak berretsi du herritarrak ebakuatzeko jendea pilatzen den gune "ezagun" batean izan dela erasoa.

Kirilenkok "faxista errusiarrak" egin ditu erantzule, eta adierazi du herritar zibilen aurka aurrez prestatutako erasoa izan dela.

Donbasseko agintariek bi egun zeramatzaten herritarrei alde egiteko eskatzen eta eskualdearen jabe egiteko Errusia erasoaldi gogorra prestatzen ari zela ohartarazten. Kramatorsk Donetskeko Herri Errepublikaren kontroletik kanpo dago, hau da, ez dago errusiazaleen esku.

Bestalde, Oleksiy Aretovitx Ukrainako Presidentzia Bulegoko buruaren aholkulariak esan du erasoaren aurretik Errusiak helburua ikuskatu duela zehatz-mehatz: "Errusiako tropek Iskander misil batekin egin diote eraso Kramatorskeko tren geltokiari. Ulertu behar da horrelako erasoen aurretik helburuak zehatz mehatz aztertzen direla, gutxienez droneekin".

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Facebook sare sozialean adierazi du erasoak agerian uzten duela Errusiak herritar zibilak "suntsitu" nahi dituela.

Errusiaren ikerketa

Ukrainatik gaitzespen mezuak iristen ari ziren bitartean, Errusiak ukatu egin du erasoaren ardura: "Apirilaren 8an, Errusiako Armadak ez zuen suzko misiorik Kramatorsk hirian eta ez zegoen aurreikusirik", adierazi du Defentsa Ministerioak.

Hala, Errusiako Ikerketa Batzordeak zigor auzibide bat ireki du gaur Ukrainako Armadaren aurka, Kramatorsken herritar zibilei "nahita" eraso egitea egotzita.

Erakundeak gaur kaleratu duen agirian, Kievi egozten dio erasoaren egiletza, eta Errusiako Zigor Kodearen artikulu bat urratzea leporatzen dio, gatazka armatuan debekatuta dauden baliabideak erabiltzeagatik eta herritar zibilen aurkako tratu txarrengatik.

Hala, Ikerketa Batzordeak uste du Ukrainak Kramatorskeko tren geltokiaren inguruan ustez erabilitako misilak barreiatze-bonba zuela.

Europar Batasunak eta AEBk erasoa gaitzetsi dute

Europar erakundeetako buruek errusiar Armadak zibilen aurka egindako eraso "ikaragarri" eta "bereizgabea" gaitzesi dute.

"Biziki gaitzesten dut Errusiak gaur goizean Kramatorseko tren geltokiaren aurka egindako eraso bereizgabea, dozenaka pertsonaka hil eta beste asko zauritu dituena. Bidegabeko gerra honetatik ihesean dabiltzanentzat ihesbideak ixteko eta giza oinazea sortzeko beste saiakera bat dugu hau", adierazi du Twitterren Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politiketako ordezkari gorenak.

Charles Michel Europako Batzordeko presidenteak ere "ikaragarritzat" jo du Errusiaren erasoa. Twitter bidez berretsi duenez, "ezinbestekoa da jardutea: EBtik bidean dira Errusiaren aurkako zigor berriak eta Ukrainarentzako arma gehiago. Bosgarren zigor-sorta onartu berri dugu".

Von der Leyenek, bestalde, sare sozialetan azaldu du aurrez aurre emango zizkiola doluminak Volodimir Zelenski ukrainar presidenteari, ostiral honetan Kievera egindako bidaian, eta esan du biktimen familiez oroitzen ari dela.

"Gaur goizean zibilak ebakuatzeko erabiltzen den tren geltoki baten aurka misilekin egindako erasoa mespretxagarria da", gaineratu du Batzordeko presidenteak.

Gainera, Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak "ankerkeria izugarri" gisa izendatu du erasoa.

Haren Twitter profilean, AEBko presidenteak "babesten saiatzen ari ziren zibilen aurkako" erasoa egitearen errua bota dio Errusiari. Hala, bermatu du Washingtonek jarraituko duela Ukrainari segurtasunerako laguntza ematen, eta herrialdera armak bidaltzen, euren herria "defendatzen laguntzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Ukraina Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur Joe Biden Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski