Mundua -

PALESTINA

150 palestinar baino gehiago zauritu dira Jerusalemen Israelgo poliziarekin izandako enfrentamenduetan

Bestalde, 17 urteko mutil palestinar bat hil da Zisjordania iparraldean, Israelgo indar armatuekin izandako liskarretan.

Israelgo polizia Al-Aqsa meskitaren inguruan. Argazkia: EFE
Israelgo polizia Al-Aqsa meskitaren inguruan
Gutxienez 90 palestinar zauritu dira Jerusalemen Israelgo Poliziarekin izandako liskarretan

0:41

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

153 palestinar zauritu dira Jerusalemen, horietako bi larri, ostiral honetan Meskiten Zabalgunean Israelgo poliziaren eta palestinarren artean izandako enfrentamenduetan, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez. Gainera, 17 urteko mutiko palestinar bat hil da Yenin hirian, Zisjordania iparraldean.

Palestinarren eta Israelgo poliziaren arteko aurrez aurrekoak goizeko lehen orduan hasi dira Meskiten Zabalgunean, Jerusalemen. Israelgo poliziaren arabera, manifestariak harriak eta su artifizialak jaurtitzen hasi zaizkie, eta harriak eta bestelako objektuak pilatzen hasi dira.

Israelgo agenteek ziurtatu dutenez, palestinar batzuk Al Aqsa meskitan gotortu dira, eta bertatik harri gehiago jaurti dituzte. Wafa albiste agentziaren arabera, berriz, Israelgo indarrak meskitako patioetan sartu dira eta zorabioa eragiten duten granadak, gas negar-eragilea eta gomaz estalitako balak jaurti dituzte.

Agenteak Al Aqsako meskitan sartu direla ukatu du Israelgo Atzerri Ministerioak. Dena dela, gerora sare sozialetan zabaldu eta The Times of Israel egunkariak argitaratu duen bideo batean agenteak ikus daitezke meskita barruan.

Azken indarkeria oldea hasi zenetik, 14 pertsona hil dira.

Al Aqsako meskitari egindako erasoa "gerra deklarazio" bat dela salatu dute Palestinako agintariek

Nabil Abu Rudeina, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen bozeramailearen arabera, Al Aqsa meskitari egindako erasoa Palestinako herriaren aurkako "gerra deklarazioa" da. Hori dela eta, Israelen eraso "basatia" geldiarazteko nazioarteko komunitatearen esku hartzea eskatu du.

Bestalde, Naftali Bennett Israelgo lehen ministroak Twitter sare sozialean adierazi duenez, "Israelgo herritarrei segurtasuna eskaintzeko" lanean jarraitzen dute agintariek. Yair Lapid Israelgo Atzerri ministroak, berriz, Israelek "Jerusalemgo konfesio guztietako" pertsonen "gurtza askatasuna" bermatzeko konpromisoa duela nabarmendu du. Ohar batean, gaurko aurrez aurrekoak "onartezinak" direla esan du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Jerusalem Ekialde Hurbila gaur