Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak Ukrainako hegoalde "osoa" hartu nahi du kontrolpean

Ezin izan dira martxan jarri korridore humanitarioak Mariupol hirian. Bestalde, Errusiak Ukrainako hegoaldea ere kontrolpean izan nahi du, Transnistria eskualderako sarbidea izateko.

Hobi komunak Butxan. Argazkia: EFE
Hobi komunak Butxan. Argazkia: EFE
Hobi komunak Butxan. Argazkia: EFE

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Armadak baieztatu du Ukrainako hegoalde osoa eta Donbass eskualdea kontrolatzea dutela helburu. Gainera, Transnistria (Moldavia) eskualdearekin sarbide zuzena ere lortu nahi dutela gaineratu du.

Rustam Minnekaev errusiar Armadako ordezkariak azaldu duenez, Ukrainako hegoaldea kontrolatuta Krimearekin komunikatzeko "korridorea" izango lukete, eta ukrainar ekonomian eragina izateko ahalmena izango lukete.

"Antza denez, orain mundu guztiaren aurka gaude gerran, Bigarren Mundu Gerran bezala. Europa osoa dugu aurka, ez gara inoiz haien gustukoak izan", adierazi du, TASS agentziak jasotako adierazpenen arabera.

Azken orduetan, Errusiako tropek erasoaldi handiari eutsi diote Ukrainan, eta azken orduetan tentsioa areagotu dute herrialdeko hego-ekialdean, bereziki Donetsk eskualdean eta Tavvriya distrituan, Ukrainako aginte militar gorenaren azken txostenak dionez.

Aipatutako txostenaren arabera, Errusiako tropek egindako hamar erasoaldiri aurre egin diote Donetsk eta Luhansken azken 24 orduotan. Horrela, sei tanke, zortzi blindatu, 15 ibilgailu eta lau artileria sistema suntsitu dituzte.

Korridore humanitariorik ez Mariupolen

Mariupolen aurkako setioari dagokionez, Irina Vereschuk Ukrainako lehen ministro ordeak Facebookeko kontuan argitaratutako agiri batean azaldu duenez, "oso astiro" ari dira hiritarrak ateratzen.

"Ez dago ezer nabarmentzeko Mariupolen. Oso astiro doa dena. Alde errusiarrean, oso nahasgarria da dena, kaotikoa, motela eta, noski, zantarra", adierazi du Vereschukek.

Horrela, "atzo, lehen aldiz, jendea Mariupoletik Zaporiyia joan zela ikusteak (horiek dira hain zuzen atzo Mariupoletik atera ziren lau autobusak) itxaropenak ematen ditu".

Mariupolen, hain justu, Vadym Boychenko hiriko alkateak salatu du 3000 eta 9000 gorpu artean gordetzen dituen hobi komun handi bat dagoela, eta Maxar teknologia enpresak satelite bidez egindako argazkiak erakutsi ditu esandakoa frogatzeko.

Bestalde, Rustam Minnekeyev Erdiguneko Barruti Militar errusiarreko jarduneko buruak esan du Errusiak Ukrainako hegoaldea ere kontrolpean izan nahi duela, ez bakarrik Donbasetik Krimeara lurreko korridorea ezartzeko, baizik eta Transnistria eskualderako sarbidea izateko.

"Duela bi egun hasitako operazio bereziaren bigarren fasearen hasieratik, Errusiako Armadako helburuetako bat Donbas eta Ukraina hegoaldeko erabateko kontrola ezartzea izan da", Minnekeyeven esanetan.

Horren ildotik, gaineratu duenez, kontrol horri esker Errusiak "lurreko korridorea ezarri ahal izango du Krimeara, eta ekonomia ukrainarrarentzat ezinbestekoak diren instalazioetan eta itsaso Beltzean nekazaritza eta metalgintzarako produktuak beste herrialdeetara bidaltzeko erabiltzen diren portuetan eragin handiagoa izan". 

13000 milioi dolar gehiago AEBtik

Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak, bere aldetik, beste laguntza sorta bat iragarri du. Horietako bat 800 milioi dolarretakoa (735,6 milioi euro baino gehiago), Ukrainako Gobernua esparru militarrean laguntzeko.

Bidenek agerraldi batean azaldu duenez, laguntza militar horrekin Donbasen, herrialdearen ekialdean, dagoen gatazkan laguntzeko asmoa dute. Artileria astuna, droneak eta munizioa bidaliko dute lehen laguntza horretan.

Halaber, horrez gain, beste 500 milioi dolarreko laguntza (461 milioi euro baino gehiago) iragarri du. Bigarren hori Ukrainako Gobernuari zuzenduta dago, "ekonomia egonkortzeko, suntsitutako eskualdeak laguntzeko eta herritar ukrainarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzen jarraitzen duten langile ausartak ordaintzeko", presidente estatubatuarren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra