Mundua -

Ukrainako gerra

"Gerra lehenbailehen geldiarazten" saiatzeko bilera dute gaur Putinek eta Guterresek

NBEko idazkari nagusia Ankaran izan zen atzo, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin batzartuta. Gaur, Lavrovekin egin duen bileraren ostean, Putinekin elkartuko da. Bihar Zelenskik hartuko du Kieven.

Guterres, NBEk New Yorken duen egoitzaren aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Guterres, NBEk New Yorken duen egoitzaren aurrean.
Guterres, NBEk New Yorken duen egoitzaren aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidentea Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiarekin bilduko da gaur, Moskun, Ukrainako "gerra lehenbailehen geldiarazten" saiatzeko. 

Ankaran izan zen atzo Guterres, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin batzartuta. Turkia buru-belarri dago gerraren bitartekaritza lanetan, baina oraingoz ez du emaitzarik lortu.

"Helburu partekatu bat dugu: gerra lehenbailehen geldiaraztea eta zibilen sufrimendua amaitzeko baldintzak sortzea", esan du NBEk ohar batean.

Moskutik Kievera joango da bihar Guterres, Zelenskirekin biltzera.

Lavrov-ekin bildu da dagoeneko

Putinekin bildu aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin izan da NBEko buruzagia.

Lavrovek bileraren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Errusia prest dago NBErekin eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin (GGNB) lankidetzan aritzeko, Ukrainako biztanleria zibila babesteko.

"Gure lehentasunik handiena biztanleria zibila babestea da, eta, horretarako, NBEko lankideekin eta GGNBearekin elkarlanean aritzeko interesa dugu", adierazi du diplomazia errusiarreko buruak.

Lavroven arabera, NBEko arduradunak badu "Putin presidenteak Donetsk eta Luhanskeko miliziekin batera Ukrainako lurraldean egiten ari diren operazioaren arrazoiei eta helburuei buruz publiko egindako erabakien gaineko informazioa".

Era berean, ukatu egin du Ukrainan bitartekariak behar direnik: "gauden fasean egonda, goizegi da bitartekariei buruz hitz egiteko", adierazi du.

Ukrainako ordezkaritzak negoziazioetan izandako jarrera kritikatu du Lavrovek, eta Mosku "duela 10-12 egun Kievi egin zion proposamenaren erantzunaren zain" dagoela gogorarazi du.

Mendebaldeari leporatu dio Ukraina "armamentu kopuru handiekin" hornitzen jarraitzea. "Horrek horrela jarraitzen badu, noski, nekez lortuko da emaitzik negoziazioetan", ohartarazi du.

Guterresek hitza hartu duenean, Errusiako Armadak Ukrainaren gainean egindako "inbasioa" eta "lurralde osotasuna urratu izana" salatu ditu, eta "balizko gerra krimenen" inguruko ikerketa independentea eskatu du.

Nazio Batuen Erakundeko titularrak azpimarratu du bere erakundeko Idazkaritzak ez duela Ukrainako nazioarteko zuzenbidearen urraketen akusazioak ikertzeko autoritaterik, baina badaudela horretarako erakunde egokiak, hala nola Nazioarteko Zigor Gortea eta giza eskubideen sistemako hainbat mekanismo.

Guterres eta Lavrov, gaur, Moskun. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin NBE Eguneko albisteak Albisteak Turkia Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski