Mundua -

Ukrainako gerra

Enpresek gasa errubloetan ordaintzen baldin badute EBren zigorrak urratuko lituzketela esan du Von der Leyenek

Moskuk Poloniari eta Bulgariari energia hornidura eten ondoren, erabakiak EBren eskutik "berehalako" erantzun "bateratu eta koordinatua" izango duela ziurtatu du Europako Batzordeko presidenteak.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiako gasa erosten duten enpresei ohartarazi dienez, Kremlineko "xantaiaren" aurrean amore eman eta hornidura errubloetan ordaintzen baldin badute, euren kontratuetan aurreikusita ez dagoenean, Europar Batasunak Vladimir Putinen erregimenaren aurka ezarritako zigorrak urratuko lituzkete. Zentzu horretan, konpainia horiek ondorio legalak izan ditzaketela erantsi du Von der Leyenek.

Errubloetan ordaintzeari uko egin eta Moskuk Poloniari eta Bulgariari energia hornidura eten ondoren, erabakiak EBren eskutik "berehalako" erantzun "bateratu eta koordinatua" izango duela ziurtatu du Europako Batzordeko presidenteak. Europar Batasuna zigor sorta berri bat prestatzeko "buru-belarri" lanean ari dela gaineratu du, baina egutegirik eta edukirik zehaztu gabe.

"Errubloetan ordaintzeko Errusiaren eskaera aldebakarreko erabakia da, eta kontratuek ez dute halakorik jasotzen", errepikatu du Europako agintariak. Gas hornidurako kontratuen % 97k ordainketa eurotan edo dolarretan egin behar dela diote "espresuki", azaldu duenez. Von der Leyenen hitzetan, Errusiako monetan ordaintzeak "arrisku handia izango du konpainientzat".

Ezohiko bilera

Bestalde, EBko Energia ministroek egoera aztertzeko ezohiko bilera "lehenbailehen" egingo dutela aurreratu du buruzagiak.

Von der Leyenen ustez, Poloniari eta Bulgariari hornidura eteteko erabakia Moskuren "probokazioa" da, baina Kremlinak erregai fosilak EBri xantaia egiteko erabili izanak "ezustean" harrapatu ez dituela argi utzi du.

Zentzu horretan, Von der Leyenek ziurtatu duenez, Polonia eta Bulgaria "auzokide europarren" gasa jasotzen ari dira egun. Horrek gas hornidura etenaldien aurrean "elkartasuna" demostratzen duela azpimarratu du.

Alemaniako politikariak gogorarazi duenez, EB gas hornidura "epe ertainera" dibertsifikatzeko lanean ari da, beste hornitzaile batzuekin harremana estutuz. Azkenik, seigarren zigor sorta "dagokionean iritsiko" dela berretsi du, eta EB "buru-belarri" lanean ari dela lehenbailehen ezartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Mosku Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra Polonia