Mundua -

Ukrainako gerra

250 haur hil eta 300 baino gehiago zauritu dituzte Ukrainako gerra piztu zenetik, UNICEFen arabera

NBEren agentziak ohartarazi duenez, baina, "litekeena da zenbaki errealak askoz puztuago egotea". Halaber, Ukrainako umeen bi heren desplazatuta edo beste herrialde batean errefuxiatu gisa daudela jakinarazi du.

Bi haur ukrainar, tren batean. Argazkia: @UNICEF
Bi haur ukrainar, tren batean.
Bi haur ukrainar, tren batean. Argazkia: @UNICEF

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerra piztu zenetik, duela bi hilabete pasatxotik, 250 haur hil eta 300 baino gehiago zauritu dituzte, Gustavo Suarez Espainiako UNICEFeko presidenteak jakinarazi duenez. Dena dela, aitortu duenez, "litekeena da zenbaki errealak askoz puztuago egotea". Bestalde, azaldu du Ukrainako umeen bi heren desplazatuta daudela herrialdean barrena edo beste batera egin behar izan dutela ihesi, errefuxiatu gisa.

Suarezek agerraldia eskaini du gaur Ukrainako haurtzaroaren egoeraren argazkia eskaintzeko eta agentziak herrialdean egindako lanaren balantzea egiteko. Salatu duenez, haurren egoera "gero eta itogarriagoa da, batez ere ekialdean eta hegoaldean". Ohartarazi duenez, gainera, zenbaki horietako bakoitzaren atzean "haur baten aurpegia dago, beldur, ihes eta indarkeriaren istorio bat, bidegabeko egoera bat eta etorkizun hautsi bat". 

James Elder Zapiorizhian (hego-ekialdea) dagoen UNICEFen bozeramaileak bertatik kontatu duenez, "umeen baldintza humanitarioak okerrera joaten ari dira, batez ere Mariupolen. Duela bi hilabete izan nintzen han, eta ia hiru miloi umek behar zuten laguntza. Orain, 5,3 milioi dira".

Gatazka piztu zenetik laguntza humanitarioa eskaintzen aritu da UNICEF. Besteak beste, ur edangarria, saneamendu eta higiene produktuak, botikak, arropak eta laguntza psikologikoa banatu du.

Bien bitartean, harrera herrialdeen egoera ere "larria" da, Daniel Timme UNICEFen Ukrainako Larrialdiari Erantzuteko taldearen bozeramailearen esanetan. Poloniako egoera kontatu du: "Orain askoz jende gutxiago heltzen ari bada ere, heltzen diren horien egoera larriagoa da. Haur asko babes gabe egon dira bidaian, euren guraso eta senitartekoengatik banatu behar izan dira, edo indarkeriaren lekuko izan dira".

Espainiako UNICEFen arabera, otsailaren amaieratik 130.000 errefuxiatu ukrainar heldu dira Espainiako Estatura, tartean heren baino gehiago haur eta nerabeak dira. Zehaztu duenez, "maiatzaren 2ra arte, bidaiderik gabeko 843 haur daude erregistratuta".

Migrazioetan aditu den Sara Collantesek (UNICEF Espainia) uste du "bereziki" zaindu behar da gure herrialdean zeuden Ukrainako familiak, orain errefuxiatuak hartzen ari direnak. Azaldu duenez, "sozio-ekonomikoki zaurgarriago bihurtu dira, eta okerrera egingo du egoera horrek. Gizarte babeseko tresnak prestatu behar ditugu eurentzat".

Era berean, "epe luzerako neurri egonkorrak" galdegin ditu Collantesek bi norabidetan: batetik, enpleguan integratzeko estrategiak martxan jartzea, eta bestetik, eskolak "eskolak arreta psikologikoa jasotzeko babesguneak" bihurtzea. Hain justu, buruko osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratu du UNICEFek, haurrok "oso traumatikoak" izan diren gertakarietatik ihesi baitatoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Errefuxiatuak Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra Polonia