Mundua -

Palestina

Israelgo segurtasun indarrek kazetari bat hil dute Zisjordanian

Xireen Abu Akleh, Al Jazeerako korrespontsala Jerusalemen, manifestari palestinarren eta Israelgo indarren arteko istiluak bertatik bertara jarraitzen ari zen buruan tiro bat jaso duenean.

Kazetariaren lankideak, hilketaren ostean. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Kazetariaren lankideak, hilketaren ostean.
Israelgo indarrek Al Jazeerako kazetari bat hil dute Zisjordanian

0:29

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo segurtasun indarrek Xireen Abu Akleh Al Jazeera Qatarko telebistako kazetaria hil dute, buruan tiro eginez, Jeninen (Zisjordania), Wafa agentziak esan duenez.

Abu Akleh (51 urte) manifestari palestinarren eta Israelgo indarren arteko istiluak bertatik bertara jarraitzen ari zenean, Israelgo soldaduek palestinar gazteen eta bertan zeuden prentsako langileen aurka tiro egin dute, Maan agentziaren arabera.

Ali Asmoadi kazetaria ere zauritu dute, bizkarrean. Hareetz egunkariari esan dionez, tiroz hil duten kazetariak, beste batek eta berak "press" (prentsa) idatzita zuten txaleko identifikagarriak jantzita zituzten, gertakari horien emateko zabaldu diren irudietan ikus daitekeenez.

"Imajina dezakezue, hau shock bat da berarekin lanean egon diren kazetariontzat", esan du Nida Ibrahim lankideak Al Jazeeran. Kate bereko korrespontsala da Zisjordanian.

Qatarko telebistak Israeli bere kazetaria "odol hotzean" hiltzea egotzi dio. "Aldez aurretik prestatutako eta nazioarteko legeak eta arauak urratzen dituen hilketa tragiko batean, Israelgo indar okupatzaileek, odol hotzean, gure berriemaile Xireen Abu Akleh hil dute", esan du.

Mikel Ayestaranek jakitera eman duenez, kazetariaren hilotza Ramallah hirira eramango dute Nablusen autopsia egin ostean. Jerusalemen egingo dute haren aldeko hileta.

Israelek eta Palestinak "ikerketa bateratua" abiatu dute

Palestinako Osasun Ministerioak Israelgo segurtasun indarrei egotzi die kazetariaren heriotza, Facebookeko bere profil ofizialean zabaldutako mezu batean.

Ondoren, Israelgo Atzerri ministroak, Jair Lapidek, "ikerketa bateratua" eskaini die Palestinako agintariei. "Kazetariek babesa izan behar dute gatazka-guneetan, eta egia ezagutzeko eskubidea dugu", azaldu du Twitterren.

Halere, Lapiden hitzetan, "segurtasun indarrek lanean jarraituko dute beharrezkoa den lekuetan terrorismoa eta israeldar gehiagoren hilketak saihesteko".

Israelgo Armadak adierazi du segurtasun indarrak Jeningo errefuxiatuen kanpaleku batean eta Burquin hirian sartu zirela "terrorismoagatik susmagarriak" atxilotzeko, The Times of Israel egunkariak nabarmendu duenez.

Israelgo Defentsa Indarrek Twitterren azaldu dute kazetariak "zauriturik irten izanaren aukera" ikertzen ari direla, "seguru aski palestinarren tiroen ondorioz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Kazetaritza Qatar Krimenak azken ordukoa Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?