Mundua -
Armas en EE. UU.
Erregulazioaren inguruko eztabaida betean ekingo dio asteburu honetan AEBko arma-lobbyak urteroko biltzarrari
Uvaldeko sarraskitik hiru egunera eta handik 500 kilometro eskasera, Houstongo NRAren konbentzioak agerian uzten du arma-erregulazioaren aldekoen eta kontrakoen arteko arrakala.
O. P. | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako arma-lobby handienak, Erriflearen Elkarte Nazionalak (NRA, ingelesezko sigletan), bere urteroko biltzarraren ateak irekiko ditu gaur Houstonen, azken hilabete suzko armekin izandako bi sarraskiren itzalpean.
Azkena joan den asteartean, 18 urteko gizon bat, legez eros zezakeen errifle erdiautomatiko batekin armatuta, Uvaldeko (Texas) lehen hezkuntzako eskola batean sartu zen eta 19 haur eta bi maisu hil zituen.
Duela bi aste baino gutxiago, supremazista zuri batek, errifle erdiautomatiko batekin honek ere, 10 pertsona beltz hil zituen tiroz Bufaloko supermerkatu batean, New Yorken.
NRAren webguneko orri batean mezu bakarra ageri da Texaseko hilketaz, "doluminik sakonenak" eskainiz astearteko biktimei. Gainerako orrialdeetan bilera eta elkartea goratzeko edukiak baino ez dira ageri, bai eta bertan parte hartuko dutenak ere, errepublikanoak eta Donald Trump presidente ohia bera barne.
"Houstonen biltzen garenean, gertaera horiei buruz hausnartuko dugu, biktimen alde otoitz egingo dugu, gure herrikideak aintzat hartuko ditugu eta gure konpromisoa areagotzeko lan egingo dugu, gure eskolak seguruak izan daitezen", esan du NRAk ohar batean.
Nahiz eta 5 milioi kide inguru izan eta arma-salmenta goraka doan, bidea ez dago erabat garbi NRArentzat. Izan ere tiroketen itzalaz gain, barne liskarrak dituzte eta ustelkeria eskandaluen eta finantza ezegonkorren aurka borrokatzen ari da.
Blokeo politikoa erregulazioari
Karine Jean-Pierre Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi duenez, NRAk indarkeria armatuaren arazoa areagotzen du, ez dituztelako armen jabeak ordezkatzen, "neurriak hartu behar ditugula dakitenak", baizik eta arma fabrikatzaileen eta merkaturatzaileen lobbya.
Zentzu horretan, "lotsagarritzat" jo du NRA eta bere aliatuak "bizitzak salbatuko lituzteketen neurriak hartzea oztopatzen aritzea", zer eta "komunitateak izutzen dituzten pertsonengandik armak urrun mantentzeko" bide horretan.
Estatubatuarrek Konstituzioan aitortuta dute armak izateko eskubidea eta eskubide hori babesten du gehiengoak, bai eta jabetza hori arautzea ere. AReuters/Ipsos-ek asteazkenean egindako inkesta baten arabera, estatubatuarren % 66, errepublikanoen % 53 barne, armen jabetzari buruzko erregulazio moderatu edo zorrotzen alde leudeke.
Hala ere, gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da horrelako edozein ekimen aurrera ateratzea AEBetako Senatuan; izan ere, demokratek gehiengo estua dute han eta gutxienez hamar errepublikano konbentzitu beharko lituzkete gisa horretako neurriak onartzeko; kontserbadoreak, ordea, su-armak kontrolatzeko edozein neurriren aurka agertu izan dira beti, sistematikoki.