Mundua -
Gerra Ukrainan
Ukrainaren hautagaitzaren inguruko txostena aurkeztuko du Europar Batasunak datorren astean
Ondoren, ekainaren 23an eta 24an Europako Batasuneko kide diren Estatuak eta estatuburuak batzartuko dira eta Ukraina herrialde hautagai izendatzea aho batez berretsi beharko dute. Hainbat Estatu kide, ordea, mesfidati daude oraindik ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunean sartzeko eskaria aurkeztu zuenetik, Ukrainak erakutsitako "ausardia" eta ahalegina txalotu ditu larunbat honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta, baieztatu duenez, EBn sartzeko Ukrainaren hautagaitzaren inguruko txostena datorren asterako izango dute prest.
Otsailaren amaieraz geroztik, gerra hasi zenetik, alegia, Kieven izan da bigarrenez Von der Leyen. Adierazi duenez, Vlodomir Zelenski Ukrainako presidentearekin gaur egindako bilerek herrialdearen hautagaitzaren inguruko ebaluazioa bukatzeko balioko dute. Geroago, Europar Batasuneko kide diren Estatuek eta estatuburuek aho batez berretsi beharko dute Ukrainaren sarrera.
Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "Errusiako inbasioaren aurretik, bide onetik zihoan Ukraina, demokrazia parlamentario sendoa baitzen, erakunde irmoekin eta maila guztietan funtzionatzen duen administrazioarekin", deszentralizatzeko egindako erreforma berriari esker.
Dena dela, egungo ahalegina gerra irabaztea izan behar dela ohartarazi du, eta ustelkeriaren kontrako eta administrazioa modernizatzeko erreforma "gehiago" egin beharko dituela.
Gauzak horrela, hautagaitzaren inguruko txostena Europako Batzordeak aste honetan aurkeztu ostean, ekainaren 23an eta 24an Europako Batasuneko kide diren Estatuak eta estatuburuak batzartuko dira, eta Ukraina herrialde hautagai izendatzea aho batez berretsi beharko dute. Hainbat Estatu kide, ordea, mesfidati daude oraindik ere.