Mundua -
Gerra Ukrainan
Errusiak Luhansk eskualdea hartu duela iragarri du
Ukrainak, bere aldetik, Lisichansk hirian, Luhansk ekialdeko eskualdean, borrokan jarraitzen dutela dio, nahiz eta Errusiako armadaren aurrerapenak onartu dituen.
Agentziak | EITB MEDIA
Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak igande honetan iragarri duenez, Lisichansk hiria bereganatu dute. Ukrainako indarrek Luhansk eskualdean duten azken gotorlekua da, Errusiak herrialdea inbaditu izanaren helburu nagusietako bat, eta dagoeneko "askatu" dute, militarraren hitzetan.
Ukrainak, bere aldetik, dio hirian borrokak jarraitzen dutela, baina Errusiako indarren aurrerapenak onartu ditu. Oraindik ez dago biktimen kopururik, egoera kaotikoa dela eta.
Shoiguk Vladimir Putin Errusiako presidenteari eman dio garaipenaren berri, eta ziurtatu dio indar errusiarrek, Moskuren aldeko Luhanskeko Herri Errepublikako miliziekin batera, "erabateko kontrola" dutela dagoeneko hirian, eta inguruko hainbat kokaleku ere bereganatu dituztela, hala nola Belogorovka, Novodruzhesk, Maloriazantsevo eta Belaya Gora.
"Azken 24 orduetan askatutako lurraldeak 182 kilometro koadrokoak izan dira", ziurtatu du Errusiako Defentsa Ministerioak Interfax agentziak jasotako agirian.
Ukrainako Armadako Estatu Nagusiak, bestalde, lehen aldiz onartu du igande honetan Errusiako indarrek eta haien aliatuek aurrerapenak lortu dituztela hiri barruan. "Okupatzaileak Lisichansk eta Verjniokamianka hirietan dituzten posizioak sendotzen ari dira", jakinarazi du Estatu Nagusiak ohar batean.
Sergei Gaidai Ukrainako Luhansk eskualdeko administratzaile militarrak baieztatu duenez, tropa errusiarrek "helduleku bat irabazi dute hirian", eta ez dakite zenbat ukrainar geratzen diren bertan.
Ukraina berreraikitzeko laguntza
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bere aldetik, nazioarteko laguntza eskatu du herrialdea berreraikitzeko. "Beharrezkoa da okupatzaileek suntsitu zuten guztia berrezartzea, baita gure bizitzarako oinarri berri bat sortzea ere, Ukrainarentzat: segurua, modernoa, komenigarria, hesirik gabea. Horrek inbertsio erraldoiak eskatzen ditu: milaka milioi, teknologia berriak, praktika hobeak, erakunde berriak eta, jakina, erreformak", azaldu du Zelenskik.
Suitzan egingo den Luganoko konferentzia ere aipatu du. Bertan 40 herrialde bilduko dira Ukrainari laguntzeko planak koordinatzeko helburuarekin.
Ukrainako estatuburuak azaldu duenez, astelehenetik aurrera herrialdearen egoera "erakutsiko" dio estatu bakoitzari, "aparteko aukerak" lortzeko eta, horrela, enpresa bakoitza Ukrainan lan egitera "gonbidatzeko".