Mundua -

Ukrania-Errusia gerra

Errusiako Armadak atzera egin du Suge uhartetik Itsaso Beltzean

Bitartean, Berdiansk ukrainar portutik (egun Errusiaren kontrolpean dago), azken hilabeteetako lehen merkantzia-ontzia irten da, 7.000 tona ale daramatzala.

Ukrainako Dnipro hiriko tailer bat, errusiar misil batek jota. Argazkia: EFE.
Ukrainako Dnipro hiriko tailer bat, errusiar misil batek jota
Ukrainako Dnipro hiriko tailer bat, errusiar misil batek jota. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Armada atzera egiten ari da Itsaso Beltzeko Suge uhartetik (Zmiinii uhartea), Ukrainako agintariek iragarri dutenez, Errusiak otsailean hasitako gerraren testuinguruan. Bitartean, Ukrainan dagoen baina egun errusiar Armadak kontrolatzen duen Berdiansk portuan, azken hilabeteetako lehen merkantzia-ontzia irten da 7.000 tona alerekin.

Hala, Ukrainako hegoaldeko Komando Eragileak Telegram bidez esan duenez, gauean, "eta arrakastatsua izan den eragiketa militar baten ondorioz, misilak eta artilleria baliatuta, etsaiak Suge uhartetik alde egin du hainbat ontzitan".

Sutea eragin duten zenbait leherketaren ostean izan da atzera-egitea. Agintariak jazotakoa ikertzen ari dira, eta Ukrainako Armadako kide batzuek adierazi dute "ez dagoela errusiarrik" uhartean, Ukrinform albiste-agentziak jasotako informazioen arabera.

Indar Armatuek, gainera, zehaztu dute operazioan, defentsa antiaereorako sistema batzuk, komunikazioetako estazio bat eta artilleria-sistemak suntsitu egin dituztela.

Merkantzia-ontzi bat irten da Berdiansk portutik

Bitartean, Ukrainan dagoen baina Errusiako Armadak kontrolpean duen Berdiansk portutik, azken hilabeteotako lehen merkantzia-ontzia irten da, tokiko agintariek jakitera eman dutenez. Ontziaren karga 7.000 tona ale da.

"Etenaldiko zenbait hilabeteren ostean, Berdianskeko itsas-portu komertzialetik lehen merkantzia-ontzia irten da", iragarri du Telegramen Yevgueni Balitskik, Zaporiyia eskualdeko administraritza zibil eta militarreko buruak (errusiar indarrekin kolaboratzen du). Balitskik zehaztu duenez, ontzian "7.000 tona ale" doaz "lagunak diren herrialdeetara"; ez du zehaztu nora, baina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ukraina albisteak Errusia argazkiak Vladímir Putin Gaurko titularrak Albisteak Errusia-Ukraina gerra