Mundua -

Erresuma Batua

Boris Johnsonen dimisioa: erreakzioak

Erresuma Batuko eta munduko buruzagi politikoen erreakzioak Boris Johnsonen dimisioaren aurrean.

Downing Street. EFE
Downing Street. EFE
Downing Street. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnsonek Alderdi Kontserbadoreko buru kargua utziko duela jakin bezain laster, erreakzioak hasi dira Britainia Handiko eta munduko hainbat sektoretan.

Keir Starmer laboristak, oposizio britainiarreko buruak, Boris Johnsonen dimisioa albiste ona izan dela adierazi du, baina gaineratu du aspaldian gertatu beharko zukeela.  Adierazi duenez, "beti izan da desegokia kargurako. Industria mailan gezur, eskandalu eta iruzurren erantzule izan da".

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi duenez, "azken egunetako (azken hilabeteetako) kaosa amaituko den lasaitasun sentsazio orokor bat egongo da, nahiz eta Boris Johnson udazkenera arte lehen ministro izatea ez den inondik inora ere nahiko genukeen testuingurua".

Michelle O'neill, Sinn Feineko burua Ipar Irlandan: "Erabat zentzugabea izan da hemengo jendea Boris Johnsoni lotuta egon izana denbora luzez. Erabateko ospe-gainbeheran dagoen figura da. Gure bake akordioak, mende laurdenean lortutako aurrerapena eta gure etorkizun partekatua saboteatzen saiatzen dena ez da gure laguna".

Micheal Martin Irlandako lehen ministroak azpimarratu du Johnsonen dimisioa bi herrialdeen arteko "benetako aliantza" batentzako "aukera" bat dela. "Benetako aliantza espiritura eta errespetura itzultzeko aukera dugu orain, Ostiral Santuko Akordioaren lorpenak babesteko", esan du agiri batean.

Dmitry Peskov Kremlineko bozeramaileak azpimarratu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari ez zitzaiola Errusia gustatzen eta Moskuk ere ez zuela gogoko, "Berari (Johnson) ez gatzaizkio gustatzen, eta guri ere ez zaigu hura gustatzen" esan du kazetariekin astero egiten duen telefono bidezko topaketan.

Laboristek Boris Johnsonen aurkako zentsura-mozioa iragarri dute, berehala erretiratzen ez bada
Laboristek Boris Johnsonen aurkako zentsura-mozioa iragarri dute, berehala erretiratzen ez bada
Laboristek Boris Johnsonen aurkako zentsura-mozioa iragarri dute, berehala erretiratzen ez bada

01:34

Joe Biden AEBko presidenteak, aldiz, Erresuma Batuko Gobernuarekin lanean estu jarraitzea agindu du, "adiskide eta aliatu hurbilena delako". "Gure herrien arteko harreman bereziak indartsua eta iraunkorra izaten jarraitzen du. Erresuma Batuko Gobernuarekin gure lankidetza areagotzen jarraitzea espero dut", esan du Bidenek agiri labur batean.

Europako Batzordeak Erresuma Batuko lehen ministroaren dimisioari buruz hitz egitea saihestu du ostegun honetan. Johnsonen dimisioak brexitaren akordioan sartutako protokolo irlandarraren inguruan Batzordeak Londresekin egindako negoziazioei buruz duen jarrera nolabait aldatzen ote den galdetuta, Daniel Ferrie bozeramaileak erantzun duenez, gertakariek "ez dute protokoloari buruz dugun jarrera aldatzen, ezta agintari britainiarrekin eta Ipar Irlandarekin egiten dugun lana ere". "Gure jarrera protokoloaren ezarpenari buruzko irtenbideak bilatzea da, eta hori da guztia. Ez da aldatzen", adierazi du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskerrak eman dizkio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari, azken hilabeteetan errusiarren inbasioari aurre egiteko Ukrainako agintariei eta herriari emandako "babes irmoagatik". Telefonoz izan duten elkarrizketan, Downing Streeten arabera, "heroi bat zara, mundu guztiak maite zaitu", esan dio Johnsonek Zelenskiri. Erresuma Batuko premierak bere aliatuari ziurtatu dionez, Erresuma Batuko alderdi guztiak daude Ukrainari emandako babesaren alde, eta hala jarraituko du, baita Defentsa arloan ere, bera Downing Streeten egon ala ez.

John Major Erresuma Batuko lehen ministro ohiak adierazi du Boris Johnson buruzagi ohiak ez lukeela Downing Streeten egon behar oinordeko bat aurkitu bitarteko denboran, eta esan du lehenbailehen joan beharko lukeela; "herrialdearen ongizate orokorraren alde" joan behar duela. "Kabinetearen, gobernuaren eta parlamentuko alderdiaren babesa galdu ostean ere karguan jarraitzeko proposamena, zuhurtziagabekeria da eta jasanezina izan daiteke", azaldu du gutun publiko batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eskozia Errusia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Boris Johnson