Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak gas-hornidura behin betiko etetearen beldur da Alemania
Nord Stream gasbidean mantentze-lanak egin behar dituztela argudiatuta, Alemaniako gas-hornidura uztailaren 21era arte gelditu du Errusiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniak Errusiako gasa jasotzeari utzi dio astelehen honetan, Nord Stream gas-hodian mantentze-lanak egin behar dituztelako. Berez, aldi baterako geldialdia da, baina Alemaniako Gobernuak aitortu du etenaldia betikotzearen beldur dela.
Lanak uztailaren 21ean amaituko direla aurreikusi dute agintari errusiarrek. Berlinek nahiago izan du espekulaziorik ez egin, baina ohartarazi du egoera "oso kezkagarria" dela.
Susanne Ungrad Ekonomia Ministerioko bozeramaileak azpimarratu du "gaurkoz gas-hornidura bermatuta" dagoela eta erantsi du ez dutela larrialdi planaren hurrengo maila aktibatuko. Horrenbestez, Estatuak ez du gasaren merkatuan esku hartuko, oraingoz behintzat.
Larrialdi plana ekainaren 23ean jarri zuten martxan, Errusiak gas-hornidura murriztu zuelako eta energiaren prezioaren etengabeko gorakadaren ondorioz.
Egun, Alemaniako gas-biltegiak % 64,6 daude beteta. Urriaren 1ean eta azaroaren 1ean, % 80ra eta % 90era igotzea espero dute, hurrenez hurren, neguari aurre egin ahal izateko.