Mundua -
Gas hornidura
Alemaniak Errusiari gas fluxua "botere joko" baten parte gisa erabiltzea leporatu dio
Christiane Hoffmann Alemaniako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Gazpromek azaldutako arrazoi teknikoak "aitzakiak" dira. "Botere joko bat dago atzean, baina ez gara kikilduko", ziurtatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniako Gobernuak Errusiari leporatu dio gas fluxua "botere joko" baten parte gisa erabiltzea. Christiane Hoffmann Exekutiboko bozeramaileak baieztatu du gaur gas hornidura % 20ra murriztu dutela. Gazprom kontratuak urratzen ari dela erantsi du.
Hoffmannek Berlinen, prentsaurrekoan, adierazi duenez, Gazpromek azaldutako arrazoi teknikoak "aitzakiak" dira, gas fluxua benetan oztopatzen duen ezer ez dagoelako.
"Botere joko bat dago atzean, baina ez gara kikilduko", ziurtatu du. Gainera, Kanadan konpondutako turbina, Moskuren esanetan gasbidearen bitartez hornidura berrezartzeko ezinbestekoa dena, entregatzeko eta instalatzeko "prest" dago, azpimarratu duenez.
"Gazprom aitzakia gisa erabiltzen ari da, gasa ez hornitzeko", gaineratu du Hoffmannek.
Gazprom gas konpainia errusiarrak Nord Stream 1 gasbideko gas hornidura % 40tik % 20ra murriztu du asteazken honetan. Enpresaren arabera, turbina batekin arazoak ditu, eta horregatik erabaki du murrizketa hori gauzatzea Alemaniarako gas horniduran; Europar Batasunak, baina, uste du arrazoi politikoengatik egiten duela, Ukrainako gerrarekin eta zigorrekin lotuta.
Testuinguru horretan, konpainia energetikoak iragarrita zuen 33 milioi metro kubikora murriztuko zuela Alemaniara doan gas hornidura, turbina batekin dauden arazo teknikoak tarteko. Orain arte, Errusiak ohiko gasaren % 40 baino ez zuen hornitzen, Siemens turbinetako batekin arazoak baitzituen; turbina hori Kanadan blokeatuta egon zen Ukrainako Errusiako kanpaina militarreko zigorren ondorioz, eta, Errusiara itzultzeko bidean da.
Gainera, prozesua zaildu egin da Gazpromen eskakizunen ondorioz; izan ere, Gazpromek dioenez, Kanadak eta Alemaniak emandako dokumentazioak ez ditu ezabatzen zehapenekin lotutako arriskuak, eta "galdera gehigarriak sortzen zaizkie", bereziki, etorkizunean beste turbina batzuk konpontzearekin lotutakoak.
Ekainaren erdialdean, Gazpromek gas horniduraren ahalmena % 33ra murriztu zuen, eguneko 67 milioi metro kubikora arte, konponketak egiteko turbina bat gelditu behar zuelako, eta uztailean ponpaketa gelditu egin zuen "planifikatutako mantentze lanetarako".
Uztailaren 21ean amaitu zen hamar eguneko etenaldiaren ondoren, Nord Stream % 40ko edukierarekin hasi zen, eta, orain, erdira murriztu da.