Mundua -
Ukrainako gerra
Ukrainaren taktika militarrek zibilak arriskuan jartzen dituzte, Amnistia Internazionalen arabera
Lau hilabetez ikertu ondoren txosten batean ondorioztatu dutenez, Ukrainako Armadak base militarrak ezarri ditu bizitokietan eta horietatik erasoak egin, beste aukera batzuk zituen arren.
Agentziak | EITB MEDIA
Amnistia Internazionalak (AI) ondorioztatu duenez, Ukrainako Armadak zibilak arriskuan jartzen ditu base militarrak bizitokietan jarrita eta horietatik erasoak eginda. Nabarmendu duenez, soldaduek baseak ezarri zituzten bizitegi auzoak gerra frontetik hainbat kilometrora zeuden.
Lau hilabetez ikertu ondoren txostena egin du nazioarteko erakundeak. AIk nabarmendu du, dena den, nazioarteko zuzenbidearen urraketa horiek ez dituztela Errusiak egindako erasoak justifikatzen.
"Indar ukrainarrek biztanleria arriskuan jartzen dute baseak bizilekuetan, are gehiago, eskoletan eta erietxeetan, jartzen", adierazi du.
Amnistia Internazionalen arabera, praktikok nazioarteko zuzenbidea urratzen dute, base horiek helburu militar bihurtzen direlako. Errusiak egindako eraso horien ondorioz, milaka zibil hil eta azpiegitura zibilak hondatuta geratu dira. Erakundeak zehaztu duenez, Ukrainako Armadak bazuen baseak beste toki seguruago batzuetan jartzerik, adibidez, baso eremuetan edo bestelako azpiegitura militarretan. Gainera, AIk egiaztatu ahal izan duenez, soldaduek ez zituzten base bihurtutako bizileku horiek jendez hustu.
Lau hilabeteko ikerketak
"Ukrainak bere burua defendatu beharrak ez du esan nahi nazioarteko zuzenbidea errespetatu behar ez duenik", esan du Agnes Callamard AIko idazkari nagusiak.
Bestalde, Errusiak gerra krimenak egin zituen hainbat eremutan, Kharkiven esaterako, erakundeak ez du topatu indar ukraniarren presentziarik.
Amnistia Internazionaleko lantalde bat apirila eta uztaila bitartean egon zen Kharkiven, Donbassen eta Mykolaiven, eta erasoen jomuga izan ziren guneak arakatu zituen. Erasoetatik onik ateratakoak, lekukoak eta biktimen senitartekoak elkarrizketatu zituen, baita armak ikuskatu ere. Satelitezko irudiak ere begiratu zituzten, erasoen nondik norakoak egiaztatzeko.
Ukrainako Amnistia Internazionalek eta Zelenskik txostena kritikatu dute
Oksana Pokalchuk Amnistia Internazionalak Ukrainan duen bulegoaren arduradunak nabarmendu du bere taldeak ez duela txostena egiten parte hartu, eta oso-osorik AIko nazioarteko ikerlariek egin dutela. Pokalchukek deitoratu duenez, "burokraziaren, bertako testuingurua ez ulertzea eta aintzat ez hartzearen, eta lan sistema zorrotz baten ondorioz" txostena dagoen moduan atera dute".
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere kritiko azaldu da. Nazioarteko erakundeari Errusiaren erasoak justifikatzea egotzi dio. Horren ustez, "onartezina da erakunde batek biktima eta erasotzailea parekatzen dituen txosten bat egitea".