Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

FBIko zuzendariak salatu du agenteak mehatxuak jasotzen ari direla Trumpen etxeko sarekadaren harira

"Legearen indarren aurkako indarkeria ez da erantzuna, alde batera utzita norekin zauden haserre", ohartarazi du Christopher Wray FBIko zuzendariak, eta ez du eman xehetasunik edo azalpenik Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren etxebizitzan egindako operazioaren gainean.

Trumpen hainbat jarraitzaile, azken egunotako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.
Trumpen hainbat jarraitzaile, azken egunotako ekitaldi batean
Trumpen hainbat jarraitzaile, azken egunotako ekitaldi batean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christopher Wray FBIko zuzendariak asteazken honetan salatu duenez, legearen agenteak mehatxuak jasotzen ari dira azken egunotan, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi Donald Trumpek Floridan duen etxebizitzan egindako sarekadaren harira. Wrayk prentsaurrekoan adierazi du agenteen aurkako mehatxuek beti kezkatzen dutela, eta legearen indarren kontrako indarkeria ez dela "erantzuna, alde batera utzita norekin zauden haserre". Hori bai, FBIko zuzendariak ez du sarekadaren gaineko xehetasunik edo azalpenik eman; izan ere, argudiatu du FBIren irizpidea dela ez hitz egitea abian dauden kasuen gainean.

Testuinguru honetan, astelehenean Trumpek berak FBIk bere etxea miatu zuela salatu zuenetik, agenteen aurkako mehatxuak biderkatu egin dira Interneteko foro jakin batzuetan, hain zuzen ere, Trumpen aldekoek sarri erabiltzen dituzten eztabaida-lekuetan.

Operazioan, FBIk dozena bat kaxa eraman zituen Trumpek Floridan duen etxetik, politikariaren abokatu batek hedabideei baieztatu zionez. Abokatuaren esanetan, FBIko agenteek epailearen aginduaren kopia bat eman zioten, frogatzeko etxean sartzeko baimena zutela, eta jakinarazi zioten informazio sailkatua zuten hainbat agiriren bila zeudela; agiri horiek Etxe Zurian egon behar ziren, ez hortik kanpo.

FBIk eta Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak ez dute oraingoz adierazpenik egin sarekadaren arrazoiak azaltzeko; hala, azalpen edo xehetasun ofizialik eman arte, hainbat agintari errepublikanok, tartean alderdiko Zuzendaritzak, demokraten "botere-abusuaren" aurka egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Donald Trump FBI