Mundua -
UKRAINAKO GERRA
NBEren agentzia nuklearraren aditu taldea Zaporizhiako zentralera iristear da
Nazio Batuen Erakundeko agentzia nuklearraren 14 adituk aztertuko dute datozen egunetan Zaporizhiako zentral nuklearraren egoera. Bitartean, erasoek ez dute etenik zentralaren inguruan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako aditu talde bat astelehen goizean atera da Vienatik (Austria) Zaporizhiako zentral nuklearrera bidean, azpiegitura horren egoera zein den aztertzeko asmoz.
Guztira, 14 pertsonak osatzen dute Nazio Batuen Erakundeko agentzia nuklearraren talde berezia. "Ukrainaren eta Europako zentral handienaren segurtasuna bermatu behar dugu", adierazi du Rafael Grossi erakunde horren zuzendari nagusiak.
Bidaiaren xehetasunik ez dute eman, baina adituak dagoeneko Kieven daudela suposatzen da, eta datozen orduetan iritsi daitezke Zaporizhiako zentral nuklearrera. Hainbat komunikabideren arabera, ikuskaritza lanak abuztuaren 31tik irailaren 3 bitartean luzatu daitezke.
Bien bitartean, erasoek jarraitzen dute zentral nuklearraren inguruan. Moskuk Ukrainak egindako erasoak salatu ditu, bereziki 6. erreaktorean eta zentralaren hozte sisteman.
Ukrainak, bere aldetik, ez die akusazioei erantzun, eta Errusiak instalazioetan egindako erasoak baino ez ditu salatu.