Mundua -
Erreferenduma
Txile, herrialdearen oinarriak alda ditzakeen bozketaren aurrean
Konstituzio berriak "Estatu ekologikoa" aldarrikatuko luke, eta estatu plurinazional gisa aurkeztuko litzateke, indigenen eskubideak aitortuta, besteak beste. "Guri begira daude, mundu osotik, erabili dezagun gure bozkatzeko eskubidea", esan du Boricek botoa eman ostean.
agentziak | eitb media
Txilek bere etorkizuna erabakiko duen hitzordu historikoa du gaur; Konstituzio berri baten proposamenari buruz bozkatuko duelako. Azken urteetako bozketa garrantzitsuenetakoa da, eta herrialdearen oinarriak aldatzea erabaki lezake.
Onartzekotan, Augusto Pinocheten diktadura garaian onartutako Konstituzioa aldatuko dute, eta herrialdeak munduko konstituziorik feministena izango luke, "Estatu ekologikoa" aldarrikatu, ingurumenaren defentsaren aldeko apustu argia eginez.
Gainera, zuzenbide estatu sozial baterako urrats handiak emango lituzke, esparru publikoari garrantzia handiagoa emanda.
Ez hori bakarrik, Txile estatu plurinazional gisa aurkeztuko litzateke, indigenen eskubideak eta haien Justizia aitortuta.
Testuak, era berean, presidentearen eskumenak aldatuko lituzke, Senatua kendu eta sistema asimetrikoaren bultzatuko luke, eskualdeen Ganbera sortuta, deszentralizazioa sustatzeko.
Gabriel Boric Txileko presidenteak erreferendumaren izaera "historikoa" nabarmendu du botoa eman ostean, eta, ohartarazi duenez, mundu guztitik "begiratzen ari gaituzte".
"Jakin ezazue une historiko hau gure memorian sustraituta geratuko dela seguruenik, denbora luzez. Guri begira daude, mundu osotik, erabili dezagun gure bozkatzeko eskubidea eta bete dezagun gure historia idazteko beharra, erantzukizunez, lasaitasunez eta poztasun zein harrotasun handiarekin", esan du Boricek botoa eman ostean, Punta Arenas hiriko Armando Quezada Acharan Lizeo Industrialean.
Gainera, Boricek Konstituzio proposamenari buruz zabaldu diren inkestak aipatu ditu. "Herrialde bat eraikitzen ari gara, batasunean, eta, emaitza gorabehera, Errepublikaren presidente gisa izango dudan zeregina herrialde gisa berriro bat egitea izango da, justizian urratsak eman, berdintasunean, eta denon giza-garapen handiagoa lortzea helburu", gaineratu du.
15,1 milioi hautesle eta 3.000 hauteslekutik gora
Orotara, 15,1 milioi pertsonak dute botoa emateko eskubidea, eta "Onartzen dut" edo "Ukatzen dut" markatu beharko dute. Horretarako 3.000 boto zentrotik gora prestatu dituzte.
Hauteslekuak militarrek jagon behar dute, legeak aginduta, eta 26.000 soldatu baino gehiago bidali dituzte lan hori egitera. 08:00etatik (hemengo 14:00etan) ari dira botoa ematen, eta 18:00ak arte (00:00) izango dute. Alabaina, pertsonak ilaran zain egonez gero, botoa ematen utziko diete.
Esan bezala, gaurko bozketan testua aldatzearen alde egiten badute, diktaduran (1973-1990) onartutako Konstituzioa aldatuko da. Hain zuzen, indarrean dagoen Konstituzioa da gaur egun herrialdean dauden berdintasun ezaren jatorria, oinarrizko zerbitzuak horren arabera pribatizatuta daude eta.
Aldiz, aldatzearen aurka bozkatzekotan, Oinarrizko Legeak indarrean jarraituko badu ere, Boricek iragarri zuen prozesu konstituziogile berri bat abiatuko duela, 2020ko plebizsituan agindutakoa betez, horretan, txiletarren ia % 80k Konstituzioa aldatzea eskatu baitzuen.
Emaitza estua espero da, herritarrak oso zatituta daudelako bozketaren aurrean. Hauteslekuak itxi eta ordu pare bat ingurura ezagutuko da txiletarrek zer erabaki duten, eta Gabriel Boric presidenteak hitzaldia emango du, emaitza gorabehera.