Mundua -

Goi-bilera Uzbekistanen

Errusiak, Txinak eta Iranek Mendebaldearen alternatiba izan nahi dute, ordena multipolar bidezkoago baterako

Shanghaiko Kooperazio Erakundeak Uzbekistanen egin du bilera, eta, azken adierazpenean, aldeztu du kide diren Estatuek indartzea defentsarekin eta segurtasunarekin lotutako elkarren arteko lana.

Shanghaiko Kooperazio Erakundea Uzbekistanen bildu da. Argazkia: EFE.
Shanghaiko Kooperazio Erakundea Uzbekistanen bildu da
Shanghaiko Kooperazio Erakundea Uzbekistanen bildu da. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak eta Txinak Mendebaldea lider duen munduaren aurreko alternatiba gisa aurkeztu dute euren burua ostiralean, Iran Shanghaiko Kooperazio Erakundean sartuta. Erakundeak goi-bilera egin du Uzbekistanen, eta Asiako beste herrialde batzuei gonbidapena luzatu die, ordena multipolar bidezkoago baterako. Halaber, azken adierazpenean, Shanghaiko Kooperazio Erakundeak aldeztu du kide diren Estatuek indartzea defentsarekin eta segurtasunarekin lotutako elkarren arteko lana.

"Shanghaiko Kooperazio Erakundea, egun, munduko herrialde-erakunde handiena da. Kide diren herrialdeetan, planetako herritarren erdia baino gehiago bizi dira, eta munduko barne produktu gordinaren laurdena du", esan du Errusiako presidente Vladimir Putinek, Samarkanda hirian egindako bileran emandako hitzaldian.

"Mendebaldeko NATO" izenekoan hogei bat herrialdetako ordezkariak izan dira; horietako batzuek gatazka dute Mendebaldearekin, Birmaniak eta Bielorrusiak kasu. Duela bost urte, Erakundeak India eta Pakistan onartu zituen.

Lekuko gisa, Recep Tayyip Erdogan Turkiako liderra ere izan da. Turkia NATOko kidea da, baina presidentea prest azaldu da Shanghaiko Kooperazio Erakundearekin lanean aritzeko; izan ere, leporatu egin dio Mendebaldeari munduan harresi banatzaileak sortzea.  

Defentsarekin eta segurtasunarekin lotutako elkarren arteko lana indartu nahi dute

Azken adierazpenean, Erakundeak aldeztu du kide diren Estatuek indartzea defentsarekin eta segurtasunarekin lotutako elkarren arteko lana; bereziki, terrorismoaren mehatxuaren aurrean. Horrek Txina kezkatzen du, batez ere; horregatik, herrialde horrek hitzeman du terrorismoaren aurkako ekintzetan espezialistak diren 2.000 pertsona trebatzea.

Mundua "multipolarra, ordezkagarriagoa, demokratikoagoa eta bidezkoagoa" izateko apustua egin du Erakundeak, argudiatuta azken urteotan mundu mailako kontuak narriatu egin direla, eta horrek krisi eta gatazka gehiago sortzen dituela: "Gero eta argiagoa da botere gune berriek duten garrantzia; elkarrekin dabiltza lanean, baina ez kanpotik ezarritako arau jakin batzuetan oinarrituta. Mundu mailako politikan eta ekonomian, funtsezko transformazioak ari dira gauzatzen, eta itzulezinak dira.

Shanghaiko Kooperazio Erakundeak babestu du gatazkak politikaren eta diplomaziaren bidez konpontzeko, Errusiak Ukrainan abian duen "operazio militar berezia" aipatu gabe. "Badakit orain ez dela garaia gerrak egoteko", esan du Indiako lehen ministro Narendra Modik, Errusiako presidentearekin bilduta; erantzun gisa, Putinek hitzeman du Moskuk "ahal duen guztia" egingo duela operazioa "ahalik eta lasterren" amai dadin, baina gehitu du "beste aldeak", alegia, "Ukrainako agintariek" arbuiatu dutela negoziazio prozesua egotea: "Helburuak bide militarra baliatuz lortu nahi dute".

Ebrahim Raisi Irango presidenteak parte hartu du goi-bileran. Herrialdea Erakundean sartu da, erabateko eskubideko kide gisa, baina 2023ra arte ez da eseriko kide diren beste zortzi herrialdeen mahaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Ukraina Txina gaur Errusia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Iran argazkiak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa