Mundua -

Ukrainako gerra

Putinek Errusiako 300.000 erreserbistari Ukrainara joateko agindua eman die

Errusiako presidenteak zehaztu duenez, "gaur bertan" militar ohiak eta erreserban zeuden herritarrak jarriko ditu jardunean Donbass "askatzeko". Mendebaldeak egin dion "mehatxu nuklearrari" erantzungo diola iradoki du Putinek.

Vladimir Putin, gaurko agerraldian. Argazkia: Reuters
Vladimir Putin, gaurko agerraldian.
Vladimir Putin, gaurko agerraldian. Argazkia: Reuters

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainan "mobilizazio militar partziala" egitea agindu du, errusiarrei zuzendutako mezu batean. Helburua, erantsi duenez, Donbass eskualde ukrainarra "askatzea" da. Izan ere, argudiatu du bertako "jende gehienak" ez duela "Ukrainaren uztarripean egon nahi". 

Mobilizazioa "gaur bertan" abiatuko dela zehaztu du. Borrokara militar ohiak eta erreserban zeuden herritarrak bidaliko ditu Putinek; 300.000 bat dira (biztanleriaren % 1) Defentsa ministerioaren arabera. 

Eskualde errusiarzaleek Errusiarekin bat egiteko erreferendumak iragarri eta gero eman du agindua Putinek.

Hitzaldi gogorra izan da Putinena, 15 minutu ingurukoa. Horren hitzetan, Mendebaldeak Errusia "suntsitu" nahi du, eta horren aurrean, Kremlinek "eskura dituen baliabide guztiak" erabiliko ditu herritarrak "defendatzeko". 

"Arma asko ditugu, hau ez da bluffa (broma)", ohartarazi du. 

Mehatxu nuklearra

Errusiako presidenteak salatu duenez, Mendebaldeak "xantaia nuklearra" darabil. Horren ahotan, "Hondamendi atomikoa eragin dezaketen Zaporizhiako zentral nuklearraren kontra egiten ari diren erasoak ez ezik, NATOko goi agintarien adierazpenak ere badaude. Errusiaren kontra suntsipen handiko armak erabiltzearekin mehatxu egiten dute". 

Errusiarrei lasai egoteko esan die, "lurraldearen osotasuna, independentzia eta askatasuna bermatuta daude". "Eta arma nuklearrekin mehatxatzen gaituzten horiek jakin dezatela haizeak norabidea aldatu eta euren kontra egin dezakeela", ohartarazi du. 

Defentsa Ministerioak hildako soldaduen kopurua zehaztu du

Bestalde, Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak iragarri duenez, 5.937 errusiar hil dira Ukrainako gerran. Aitzitik, 61.200 militar ukrainar hil dituztela zehaztu du, eta beste 49.400 zauritu. "Hasieran, Ukrainako Indar Armatuek 201.000 eta 202.000 pertsona zituzten, baina 100.000 hil dira", azaldu du. 

Ukrainako Armadaren Estatu Nagusiaren kontaketa bestelakoa da. Facebookeko bere orrialdean eskegitako mezu baten arabera, orain arte, 55.110 militar errusiar hil dira, 300, azken egunean. "Errusiar etsaiek inoizko kolperik handienetakoa jaso dute Donetsken", jakinarazi du, balantzea "eguneratzen ari" zirela gehitu badu ere.

Lehen analisia

Mikel Reparaz EITB Mediako nazioarteko buruak lehen iruzkina egin du Putinen iragarpenaren berri izan ondotik:

Zer esan nahi du Putinen erabakiak? Mikel Reparazen analisia
Zer esan nahi du Putinen erabakiak? Mikel Reparazen analisia
Zer esan nahi du Putinen erabakiak? Mikel Reparazen analisia

3:49
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina gaur Errusia berriak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra