Mundua -

Ukrainako gerra

Zelenski: "Putinen asmoa da Ukraina odolean itotzea, errusiar soldaduen odolean ere bai"

Aurretik, Mijailo Podolyak Zelenskiren aholkulariak ironia erabili du, Errusiaren aurreneko asmoek porrot egin dutela iradokitzeko: "Errusiarentzat 'hiru eguneko gerra' behar zuena mobilizazio militar partzial bihurtu da", esan du.

Donetskeko eraikin bat, eraso baten ostean. Argazkia: EFE.
Donetskeko eraikin bat, eraso baten ostean
Donetskeko eraikin bat, eraso baten ostean. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik asteazkenean 'Bild' alemaniar egunkarian elkarrizketa batean esan duenez, Vladimir Putinen asmoa da Ukraina odolean itotzea, "baina errusiar soldaduen odolean ere bai".

"Berak Ukraina odolean nahi du ito, baina baita bere soldaduen odolean ere", esan du Zelenskik, Putinek agindutako mobilizazioa hizpide. Esan duenez, ez da berria: "Jakin badakigu kadeteak mobilizatu dituela, borrokatzen ere ez zekiten gazteak. Prestakuntza ere amaitu gabe zuten. Jende horrek ez daki borrokatzen. Kadete horiek hil dira. Gure artean hil dira, horretara etorri dira", ziurtatu du.

Errusiak agindutako mobilizazioak, Zelenskiren arabera, erakusten du Putinek arazoak dituela ofizialekin eta beste militarrekin: "Behar ditudan informazio guztiak ditut. Hitzaldia ez da batere berria izan niretzat. Gure zerbitzu sekretuek eta gure aliatuek esana zuten. Mobilizazioa azken hilabetean zehar egin dute", esan du.

Zelenskiren arabera, Putin ikusten ari da "bere unitateak korrika ateratzen ari direla, hori besterik ez. Milioika militarrek osatutako armada behar du, ikusten ari delako etorritako asko korrika irten direla", gehitu du.

Zelenskik hitz egin aurretik, Mijailo Podolyak Ukrainako presidentearen aholkulariak hau nabarmendu du: "Errusiarentzat 'hiru eguneko gerra' behar zuena mobilizazio militar partzial bihurtu da", Kremlinek hasiera batean zituen asmoen kontra. 

"'Hiru eguneko gerraren' 210. eguna zen. Ukraina suntsitu nahi zuten errusiarrek mobilizazioa iragartzen amaitu dute, banketxeetako kontuak blokeatzen eta iheslariak kartzelatzen. Oraindik aurreikusitako planari eusten ari al gatzaio? Bizitzaren ironiak", bota du Podolyakek Twitterren duen kontuan. 

Putinek iragarritako mugimenduaren harira, Ukrainak egin duen lehen balorazioa da Zelenskiren aholkulariarena.

"Barne kritikak eragingo ditu Putinen aginduak"

Ondoren mintzatu da Rostislav Smirnov Ukrainako Barne Ministerioaren aholkularia ere. Horren ustez, Errusia bere buruaren kaltetan ari da "mobilizazio partzialaren" iragarpenarekin", eta, hartara, "positiboa" izan litekeela Kieventzat

"Ulertu behar duguna da une historiko batean gaudela: Errusia ekialdean jasotako porrotak aitortzen hasi da", nabarmendu du. 

Smirnoven aburuz, Putinen agindua "laguntza eskea" da, "ez baitu jende nahikorik" eta Ukraina "garaitzen" ari delako.

Argudiatu duenez, neurriak barne kritikak eragingo dizkio Putini, eta "bereziki gogorrak" izango dira, ohartarazi duenez.

"Prozesu horrek ezezkotasun olatua eragingo du Errusian, eta gertakariak oso larriak izan litezke. Laster ikusiko ditugu ondorioak", iragarri du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski