Mundua -

ukrainako gerra

Txinak Errusia kritikatzea saihestu du NBEren aurrean egindako hitzaldian

Pekinek behin eta berriro errepikatutako ideiak azpimarratu ditu Txinako Kanpo Arazoetako ministroak, eta nabarmendu du "alde guztien kezkak jorratu" behar direla konponbidea aurkitzeko.

Wang Yi, Txinako Kanpo Arazoetako ministroa. Argazkia: EFE
Wang Yi, Txinako Kanpo Arazoetako ministroa. Argazkia: EFE
Wang Yi, Txinako Kanpo Arazoetako ministroa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Gobernuak Errusia kritikatzea saihestu du larunbat honetan, Wang Yi Kanpo Arazoetako ministroak NBEren Batzar Nagusiaren aurrean egindako hitzaldian, bere alboko herrialdeari egindako erasoarekiko distantziakidetasuna mantenduz.

Esaldi bi baino ez ditu aipatu Wangek Ukrainako aferaren inguruan, eta Pekinek behin eta berriro igorritako ideiak azpimarratu ditu: "Ukrainako krisiaren konponbide baketsu baterako edozein ahalegin babestuko dugu. Bake elkarrizketak ahalbidetzea da gure lehentasuna, eta alde guztien kezka legitimoak jorratu behar dira konponbidea aurkitzeko".

Alegia, ez die aipamenik egin azkenaldian krisia larriagotu duten elementuei, hala nola, Ukrainako lurralde okupatuak Errusiara atxikitzeko galdeketak edo 300.000 erreserbista errusiarren mobilizazioa. Hala, azken egunotan Pekin eta Moskuren arteko urruntzea ikusi dutenek esandakoak gezurtatu ditu.

Izan da, ordea, Estatu Batuei buruzko aipamenik, eta argitara atera du Taiwango afera, "Txinatik banaezina". "Era ausartean aurre egin behar diegu ekintza separatistei, atzerriko esku-sartzeei uko eginez", adierazi du Wangek.

Pekinek eta Washingtonek talka egin dute azkenaldian, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera egindako bisitaren ondorioz. Jarraian, maniobra militar ugari izan ziren Txinaren partetik Taiwango Itsasartean, eta abuztu osoan zehar luzatu ziren.

Gainerakoan, Kubaren gaineko estatubatuar blokeoa gaitzetsi du Txinak, urtero bezala, eta Ekialde Ertaineko bi estatuen arteko gatazka konpontzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ukraina gaur Txina argazkiak Errusia albisteak NBE Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa 2022ko Taiwani buruzko albisteak