Mundua -
Ukrainako gerra
Putinek, Kiev bondardatu ondoren: "Ekintza terroristek jarraitzen badute, gogorragoa izango da erantzuna"
Errusiako presidentearen ustez, Ukrainak "urteak daramatza terrorismo nuklearreko ekintzak" egiten. Besteak beste, Zaporizhiako zentral nuklearraren kontrako erasoak eta Donbassen egindakoak aipatu ditu adibidetzat.
Agentziak | EITB MEDIA
Vladimir Putin Errusiako presidenteak mehatxu egin dio Ukrainari. Ohartarazi dionez, "ekintza terroristek jarraitzen badute, gogorragoa izango da erantzuna". Kieven eta Ukrainako beste hiri batzuen kontra egindako bonbardaketaren ostean mintzatu da Putin.
Putinek baieztatu du Ukrainako hainbat punturen kontra "zehaztapen handiko eta irismen luzeko armekin egindako eraso masiboa" egin duela, eta erantsi du "Defentsa Ministerioak proposatuta" egin dituztela. Zehaztu duenez, "energia instalazioak, gune militarrak eta komunikazio azpiegiturak" izan dituzte jomugan.
"Gure lurraldearen kontrako eraso terroristak egiteko saiakerekin jarraitzen badute, Errusiaren erantzuna gogorragoa izango da, eta Errusiako Federazioaren kontrako mehatxuen mailan egongo da", adierazi du Errusiako Segurtasun Batzordeko kideen aurrean, TASS albiste agentziak jasotakoaren arabera.
Ukrainari "mehatxu nuklearra" egitea egotzi dio
Putinen aburuz, Ukrainak Zaporizhiako zentral nuklearraren kontrako erasoak "terrorismo nuklearra" dira. Horiez gain, salatu du Ukrainako zerbitzu bereziek Kurskeko (Errusia) zentral nuklearraren aurka "hiru eraso terrorista" egin dituztela.
Azaldu duenez, erasook goi tentsioko hiru linea izorratu dituzte, baina hartutako neurriei esker, "ondorio larririk gabe" konpondu dutela arazoa.
"Kieven erregimenak urteak daramatza metodo terroristak erabiltzen. Pertsonaia publikoak, kazetariak eta zientifikoak erail ditu bai Ukrainan zein Errusian", salatu du. Azpimarratu duenez, "badira zortzi urte baino gehiago Donbassen eraso terroristak egin dituela. Terrorismo nuklearreko ekintzak dira".
Gutxienez zortzi pertsona hil dituzte
Ukrainako agintariek baieztatu dutenez, gutxienez zortzi lagun hil dira Kieven kontrako erasoaldietan. Sloviansken lau hildako zenbatu dituzte, eta Zaporizhian, beste bat. Lviven, Kharkiven, Dnipron eta Yitomir ere izan dira bonbardaketak.
Errusiak erasoak gogortu ditu, asteburuan Krimeako zubian izandako leherketaren ondorioz. Gertaera larunbatean jazo zen, eta hiru pertsona hil ziren. Errusiak Ukrainari egotzi dio erasoa.
Vitali Klitschko Kieveko alkateak salatu duenez, "jaurtigaiak hiriaren erdigunean erori dira", unibertsitate inguruan eta parke batean, esaterako. Hori dela eta, babeslekuetara joateko deia egin die hiritarrei. "Egon babesguneetan alarmak irauten duen bitartean. Premiazkoa ez bada, ez irten kalera. Auzoetan bizi direnak ez daitezela erdigunera joan. Kiev erdiguneko kaleak blokeatuta daude, larrialdi zerbitzuak lanean ari dira", azpimarratu du.
Ekainetik, Errusiak Ukrainako hiriburua bonbardatu duen lehen aldia izan da.