Mundua -

KRISI KLIMATIKOA

Zeelanda Berriak ardi eta behien korrokak zergapetuko ditu

Herrialdeak bost milioi biztanle, 26 milioi ardi eta 10 milioi behi ditu. Bildutako diru guztia industriara itzuliko da, teknologia berriak, ikerketa eta nekazarientzako pizgarriak finantzatuz.

Behiak Zeelanda Berrian. Argazkia: Pixabay.
Behiak Zeelanda Berrian. Argazkia: Pixabay.
Behiak Zeelanda Berrian. Argazkia: Pixabay.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zeelanda Berriko Gobernuak proposamen aitzindaria aurkeztu du 2025etik aurrera gas-isurketei tasak ezartzeko berotegi efektua eragiten duten ardi eta behien korrokengatik, abelburuek biztanle kopurua biderkatzen baitute herrialdean.

Planak ez du diru-bilketaren zenbatespenik oraindik, eta ez du jaulkipenaren prezioa zehazten, ezta horiek nola neurtuko diren ere. Nekazariei kontsultatuko zaie azaroaren 18ra arte.

Jacinda Ardern lehen ministroak adierazi du bildutako diru guztia industriara itzuliko dela teknologia berriak, ikerketa eta nekazarientzako pizgarriak finantzatuz.

Zeelanda Berrian, bost milioi biztanleko herrialdean, herrialdeko isurketen ia erdia nekazaritza-sektoretik dator, batez ere 26 milioi ardi eta 10 milioi behirengatik. Ugaztun horiek hausnarkariak dira, eta digestioan sortutako metanoa kanporatzen dute beren korroka eta flatulentzien bidez.

Proposamena He Waka Eke Noa lehen sektoreko elkarteen aliantzak ere bultzatu du, eta emisioak murrizten dituzten nekazarientzako pizgarriak biltzen ditu. Pizgarri horiek, gainera, basoak landatuz konpentsatu ahal izango dira.

Hala ere, proposamenak ez ditu nekazarien elkarte guztiak konbentzitzen, politika horrek herrialdean behi- eta ardi-haztegien kopurua murriztuko duela uste baitute.

Federated Farmers Zeelanda Berriko elkarteak, industriaren presio-talde nagusietako batek, esan duenez, gobernuaren proiektu horrek "Zeelanda Berriko landa-eremuekin amaituko du", eta etxaldeak zuhaitz-landaketekin ordezkatuko ditu.

Nekazaritza-sektorea Zeelanda Berriko Barne Produktu Gordinaren % 10 da, eta esportazioen diru-sarreren % 65 ekartzen du.

Wellingtongo Exekutiboak 2050erako emisio kutsatzaileen neutraltasuna lortzea du helburu, eta urte amaierara arte du erabakitzeko nola zergapetuko dituen nekazaritza-sektorearen emisioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Nekazaritza Ozeania albisteak