Mundua -

Gerra Ukrainan

NATOk Ukrainarentzako "aire defentsa handiagoa" eskatu die kideei, Errusiak egindako azken erasoengatik

Defentsa ministroek Bruselan izandako bileran, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak onartu du aliatuek aire defentsa eman egin dutela, baina gehitu du: "Gehiago behar dugu".

NATOko Defentsa ministroak Bruselan daude, batzartuta. Argazkia: EFE.
NATOko Defentsa ministroak Bruselan daude, batzartuta
Ukrainako aire defentsa sistema indartu beharra dagoela nabarmendu du NATOko idazkari nagusiak

1:20

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko astean, Errusiak aire erasoak egin zituen Ukrainako hainbat azpiegitura zibil garrantzitsuren aurka. Horren harira, eta Ukrainari laguntzea helburu, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Ukrainarentzako "aire defentsako sistema gehiago" eskatu die asteazkenean herrialde aliatuei.

"Aliatuek aireko defentsa eman dute, baina gehiago behar dugu. Aire defentsa mota asko behar ditugu: helmen txikikoa, helmen handikoa, misil balistikoak eramateko moduko aireko defentsa sistemak, gurutzaldi misilak, droneak", adierazi die Stoltenbergek kazetariei, NATOko Defentsa ministroek Bruselan duten bilerara iritsi denean.

Buruzagi aliatuak onartu du erakundeko herrialde batzuek ahaleginak egin dituztela, eta espresuki aipatu du Alemaniak egindako azken iragarpena Kievi aireko defentsako sistemak ematearen gainean. Halaber, azaldu du "erabat garrantzitsua" dela ildo horretatik jarraitzea, herritarrek eta azpiegitura zibilek eta sistema energetikoak jasandako azken "eraso indiskriminatu beldurgarrien" ostean.

Stoltenbergek gogora ekarri duenez, Ukraina herrialde handia da, eta bertako hiri askotan eraso gehiago egon litezke. Hortaz, NATOk laguntza areagotu behar du, hiriak "are gehiago" babesteko.

"Aliatu guztiak babestu eta aldeztu"

Azpimarratu du NATO defentsarako erakundea dela, eta helburu duela gatazkak eta gerrak saihestea; hori dela eta, nabarmendu du "disuasioa" indartu beharko lukeela, Errusiak argi izan dezan NATO "aliatu guztiak babestu eta aldezteko" dagoela: "Jakina, ikusi dugu zer ari diren esaten Ukrainan arma nuklearrak erabiltzeko aukeraz, eta argi eta garbi esan diogu Errusiari horrek ondorio larriak ekarriko lizkiokeela", ohartarazi du Norvegiako lehen ministro ohiak.

"Errusiak jakin badaki gerra nuklear bat ez dagoela irabazterik, inoiz ez dela zertan egin. Eta, jakina, zorrotz ari garela jarraitzen haren jarrera nuklearra. Aldaketarik ez dugu ikusi, baina adi izango gara, mehatxu nuklearrak, erretorika nuklearra eta Errusiak egindako mehatxu ezkutuak arriskutsuak eta zuhurtziagabeak direlako", gehitu du, asteartean egindako analisia berretsita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ukraina Errusia NATO Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra