Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Aberatsei eta enpresa handiei zergak igotzeko eskatu dio Joe Bidenek Kongresuari
AEBko presidenteak laguntza eskatu die errepublikanoei herrialdearen "erabateko susperraldi ekonomikoa" lortzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere plan fiskala onartzeko eskatu dio Kongresuari, goizaldean eskaini duen batasunaren egoerari buruzko hitzaldian. Horren arabera, aberatsei eta enpresa handiei zergak igoko zaizkie.
2020an Estatu Batuetako enpresa handienetako 55ek 40.000 milioi dolarreko (37.000 milioi euro) irabaziak izan zituzten arren ez zuten errentaren gaineko zergarik ordaindu, eta hori "bidegabea" dela iritzi dio Joe Bidenek.
"Sinatu nuen legeari esker, milioi askoko irabaziak dituzten enpresek gutxienez mozkinen % 15a ordaindu beharko dute. % 15a bakarrik. Hori erizain batek ordaintzen duena baino gutxiago da. Argi gera dadila", esan du. Horrekin batera, aberatsenei zergak handitzeko pakete fiskal bat onartzeko eskaera berretsi du Kongresuan.
Bestalde, errepublikanoei elkarrekin lan egiteko deia egin die herrialdearen "erabateko susperraldi ekonomikoa" lortzeko.
73 minutu iraun duen hitzaldian nabarmendu duenez, presidente kargura iritsi zenetik herrialdearen egoera ekonomikoa "izugarri hobetu" da.