Mundua -

Ukrainako Gerra

Biden ezustean Kievera joan da, eta 500 milioi dolarreko laguntza gehiago iragarri ditu

Halaber, aste honetan bertan Errusiaren kontrako zigor gehiago jakinaraziko dituztela ziurtatu du presidente estatubatuarrak. Oraindik Ukrainara joan gabe zegoen mendebaldeko buruzagi bakanetakoa zen Biden.

Biden eta Zelenski, gaur, Kieven
Biden eta Zelenski, gaur, Kieven
Iragarri gabeko bisita egin du Joe Bidenek Kievera

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zurrumurrua bazebilen, baina baieztapen ofizialik ez. Azkenean, gerra hasi zeneko lehenengo urteurrena betetzear dela, aurrez iragarri gabe joan da gaur goizean Joe Biden AEBko presidentea Ukrainara, eta han, Kiev hiruburuan, Volodimir Zelenski presidentearekin bildu da, Mariinsky Jauregian.

Bileraren ostean bi agintariok egin duten agerraldian, Bidenek iragarri du 500 milioi dolar gehiago emango dizkiola Ukrainari, dirulaguntza zuzenetan eta baliabide militarretan. Halaber, aste honetan bertan Errusiaren kontrako zigor gehiago jakinaraziko dituztela ziurtatu du.

Zelenski alboan zuela egin ditu adierazpenak buruzagi estatubatuarrak, eta Ukrainara igorriko duten pakete militarra xehetu du. Hala, artilleria munizioa, obusak, Javelin misilak eta tankeak eta ibilgailu astunak suntsitzeko gai diren armak bidaliko dituzte. Dena dela, Zelenskik nazioarteari hainbestetan eskatu dizkion F-16 motako hegazkinak ez ditu aipatu Bidenek. "Urtebete geroago, Kiev zutik dago, Ukrainak zutik jarraitzen du, demokraziak zutik jarraitzen du", gehitu du. 

Era berean, AEBk Ukrainako "demokraziarekin, subiranotasunarekin eta lurralde batasunarekin" duen konpromisoa "hauskaitza" dela esan du. "Ez nuen nahi horren zalantzarik izatea, eta horregatik etorri naiz gaur Kievera", erantsi du.

Bere aldetik, Zelenskik eskerrak eman dizkio Bideni, egindako bisitagatik eta eskainitako laguntzagatik. Bileran, besteak beste, "irismen luzeko armak" ere izan dituztela hizpide azaldu du Ukrainako mandatariak, eta baita "etor litezkeen beste arma batzuk ere", bestelako xehetasunik eman ez badu ere.

Etxe Zuriak ez du aurrez bisitaren berri eman, segurtasun arrazoiak tarteko. Gaur goizean baieztatu du bidaia, Biden Kieven zela.

Gerra lehertu zenetik lehen aldiz joan da AEBko presidentea Ukrainara. Abenduaren 21ean bildu ziren lehenengoz Biden eta Zelenski, Ukrainako presidenteak Washingtonera egin zuen bisita ofizialean. 

Bihar, Poloniara joatekoa da buruzagi estatubatuarra, NATOrekin duen konpromisoa berrestera.

Gaurtik, Bidenen izena duen plaka oroigarria dago jarrita Kieven, Adorearen pasealekuan, Errusiaren inbasioa salatu eta Ukraina babestu duten beste hainbat arduradun gogoratzeko plakekin batera.

Ukrainako gerra hasi zela urtebete beteko da aste honetan, eta inoiz ez bezalako jarraipen informatiboa eskainiko du EITBk, bertatik bertara zuzeneko informazioa biltzen. Izan ere, hilaren 24an beteko da urtebete Ukrainako inbasioa hasi zenetik, eta EITBko hedabide guztiek jarraipen zabala egingo diote herrialde horrek bizi duen egoerari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski