Mundua -

Israel

Netanyahuk kargutik kendu du Defentsa ministroa, erreforma judiziala geldiaraztea proposatzeagatik

Milaka pertsona atera dira Israelgo hiri nagusietako kaleetara Yoav Gallant kargutik kendu ostean protesta egiteko, hark erreforma judizial polemikoaren tramitazioa geldiaraztearen alde egin ondotik.

Yoav Gallant. EFEren artxiboko irudia.
Yoav Gallant. EFEren artxiboko irudia.
Yoav Gallant. EFEren artxiboko irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Yoav Gallant Defentsa ministroa kargutik kendu du igande honetan, hark larunbatean erreforma judizial polemikoaren tramitazioa gelditzearen eta elkarrizketari bide ematearen alde egin ondotik.

Netanyahuk ohar labur batean eman du Gallanten martxaren berri, eta azaldu du konfiantza galdu duela beragan "Gobernuari bizkarra eman diolako", Israelgo prentsak jakitera eman duenez. Netanyahu bisita ofizialean dago Erresuma Batuan.

Gallantek Netanyahuren Likud alderdiko diputatu izaten jarraitzen du, baina airean dago Gobernuko kide izaten jarraitiko duen. Izan ere, Netanyahu sostengatzen duen koalizioa hura osatzen duten eskuineko eta eskuin muturreko alderdien arteko indar-oreka konplexuaren emaitza da.

Netanyahuk bultzatutako erreforma judizial polemikoaren aurrean Israelgo Gobernuak orain arte erakutsitako defentsa monolitikoa hautsi zuen larunbatean Gallantek. Horren ustez, herrialdea krisi politiko sakonean murgildu da, erreforma botere banaketarako mehatxu dela uste duen oposizioaren protesten ondorioz. 

"Ez dut inoiz ikusi orain ikusten dudan gorroto eta min maila. Gizartearen zatiketa Armadaraino iritsi da (erreserbistak erreformaren aurka agertu dira), eta horrek arrisku itzela dakar Estatuaren segurtasunerako. Ez dut honetan amore emango. Epaileak aldatu behar dira, baina aldaketa garrantzitsuek elkarrizketa behar dute. Prozesu legegilea gelditu egin behar da", esan zuen Gallantek telebistan emandako hitzaldi batean.

12 astez protestan

630.000 pertsona baino gehiago (horietako 300.000 Tel Aviven) atera dira larunbat honetan Israelgo hiri nagusietako kaleetara, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Gobernuak bultzatutako erreforma judizial polemikoaren aurka protesta egitera. 

Erreforma judizialaren aurkako protesten 12. astea izan da, eta jendetsuena, Gallant ministroaren iragarpenarekin bat egin duelako.

Erreforma judizialak Auzitegi Goreneko epaileen izendapenaren gaineko erabateko kontrola emango lioke Gobernuari, eta auzitegiek Parlamentuak onartutako arauei betoa jartzea eragotziko luke. Araua datorren astean onartuko dute behin betiko.

Protestas en Tel Aviv, este sábado. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Manifestazioak Ekialde Hurbila gaur Netanyahu, Israelgo lehen ministroa