Mundua -

Gatazka

Tentsioa handitzen ari da Palestinan, eta ehunka fededun Al Aqsa meskitan gotortu dira

Israelek 20 urteko manifestari palestinar bat hil du Zisjordanian, eta lurreko eta aireko erasoekin erantzun die Siriatik jaurtitako koheteei.

Manifestari palestinarrak. Argazkia: Efe
Manifestari palestinarrak. Argazkia: Efe
Ehunka palestinar fededun Al Alqsa meskitan gotortuta daude

02:42

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestina eta Israelen arteko tentsioaren gorakadak ez du etenik. Ehundaka palestinar fededun Al Aqsa meskitan gotortu dira larunbat honetan, Jerusalemgo meskiten zabalgunean, eta ez dute handik ateratzeko asmorik. Gainera, Israelgo segurtasun indarrek manifestari palestinar bat hil dute tiroka Azzunen.

Polizia meskitara inguratu da palestinarrak gotortu eta gutxira, baina Jordaniako Atzerri Gaietarako Ministerioak (Jerusalemgo leku santuen arduradun formalak) ohartarazi du "ondorioak latzak" izango direla agenteak fededunak indarrez ateratzen saiatzen badira. Amanetik adierazi dute horrek "tentsioa eta indarkeria" areagotuko lituzkeela, eta "mundu osoak" ordainduko lukeela.

Bestalde, Mohamed Hamade Hamasen bozeramaileak berretsi du "okupazioak erresistentzia" izango duela erantzun, eta "krimenaren mailako erantzuna" emateko prest daudela.

Meskiten zabalgunea da Jerusalem Ekialdeko erlijioaren bihotza, eta Erosten harresiarekin egiten du muga, Salomonen tenplu juduaren azken arrastoarekin. Horregatik, musulmanak beldur dira Israelek Al Aqsa meskita (musulmanek duten hirugarren garrantzitsuena) eraitsi nahi ote duen Jerusalemen hirugarren tenplu judua eraikitzeko.

Indarkeriaren gorakada asteazkenean bizkortu zen aipatu meskitan Israelgo Poliziak eta fededun palestinarrek izandako borrokaldiarekin, eta ondoren kohete jaurtiketak eta bonbardaketak izan ziren Gazako Eremuan eta Libano hegoaldean.

Urte hasierarik gogorrena 2000. urtetik

Ostiralean, berriz, 15 eta 20 urteko bi ahizpa hil zituen Israelek tiroka, eta oso larri zauritu zuen horien ama. Gero Israelgo herritar arabiar batek turista talde bat harrapatu zuen autoarekin Tel Aviveko itsas pasealekuan, eta poliziak tirokatuta hil zen. Turistetako bat, 36 urteko italiarra, hil egin zen, eta beste zazpi zaurituta geratu ziren.

Gertakari horien ostean, Israelgo Armadak indartu egin zuen bere dispositiboa bai Israel erdigunean bai Zisjordanian.

Izan ere, Palestina eta Israelen arteko gatazkan izan den urte hasierarik gogorrena izaten ari da 2000. urtetik, hildako kopuruari dagokionez. 2023a hasi zenetik 94 palestinar hil dituzte, eta 18 dira Israelen hildakoak.

Gainera, Israelgo Armadak erasoak egin ditu Siria hegoaldean lurretik eta airetik, inguru horretatik sei kohete jaurti eta hiruk Israel jo ostean.

Baina bien bitartean, Israelgo agintariek Zisjordaniako asentamenduak zabaltzeko sei plan onartu berri ditu, tartean bi auzoren eraikuntza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak