Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Nova Kakhovkako presa suntsitu ondorengo uholdeak astebetez luzatu daitezkeela uste du NBEk
Nazio Batuen Erakundearen hasierako kalkuluen arabera, uholdeek gutxienez 40.000 pertsonari eragin die. Ukrainako Gobernuaren esanetan, gutxienez 4 pertsona hil dira, beste 13 desagertuta daude eta 2.400 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB Media
Nazio Batuen Erakundearen agentzia humanitarioek gaur azaldu dutenez, Nova Kakhovkako zentral hidroelektrikoaren presa suntsitu ondorengo uholdeak astebetez luzatu daitezke. Gainera, ur azpian dauden Ukraina hegoaldeko zonaldeei laguntza gehiago bidaliko dietela jakinarazi dute. Hasierako kalkuluen arabera, uholdeek gutxienez 40.000 pertsona kaltetu dituzte.
Shabia Mantoo NBEren Errefuxiatuentzako Agentziako bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, Dnieper ibaiaren eskuinaldean dauden 40.000tik gora kaltetuei "milaka gehiago" gehitu beharko zaizkie ezkerraldean. Errusiak kontrolatzen du ezkerraldea eta Nazio Batuek ezin dute bertan sartu.
Halaber, 700.000 pertsona inguruk edateko ura falta dute.
Uholdeen ondorioz, gutxienez lau pertsona hil eta 13 desagertu dira, Ukrainako Gobernuak gaur egindako balantzearen arabera.
48 herri eta 3.625 etxe baino gehiago ur azpian gelditu dira Kherson eskualdean, eta Ukrainaren kontrolpean dagoen eremutik 2.412 pertsona ebakuatu dituzte orain arte.