Mundua -
Palestina
Israelek amaitutzat eman du 13 hildako utzi dituen Jeningo "operazio militarra", kanpalekua suntsitu ostean
Israelgo Armadak erasoa justifikatu du Jeningo Brigada, Zisjordaniako "terrorismo gune nagusia", deuseztatzeko "terrorismoaren aurkako ahalegin zabal" gisa.
Agencias | EITB Media
Israelgo Armada Jeningo errefuxiatu-gunetik erretiratu da, okupatutako Zisjordanian, eta amaitutzat eman du operazio militarra. Oraingoz, 12 palestinar eta soldadu israeldar bat hil dituzte.
Israelek 48 orduz erasotu du Jenin. Inbasio militarra Zisjordanian egindako handiena izan da Bigarren Intifadatik (2000-2005). Horretan, hegazkinak ere erabili dituzte, bi hamarkadan lehen aldiz.
Israelgo Estatuak erasoa justifikatu du Jeningo Brigada, Zisjordaniako "terrorismo gune nagusia", deuseztatzeko "terrorismoaren aurkako ahalegin zabal" gisa.
Oraingoz, 12 palestinar hil ditu Armadak. Erretiratzen ari zenean, soldadu israeldar bat hil dute tiroz.
Jeningo kanpalekua erabat suntsituta geratu da, argirik eta urik gabe. Goizaldean, palestinar batzuk etxera itzultzen hasi dira. Azken eguneran, 3.000 inguruk ihes egin dute.
Gainera, erretiratzen hasi denean, Armadak aire eraso bat egin du hilerri batean zeuden palestinarren aurka, "segurtasun indarrentzat mehatxu bat zirelako, errefuxiatu-gunetik ateratzen ari zirenean".
Gazako Zerrendan, Hamasek bost kohete jaurti ditu Israelera, eta Israelgo Armadak erakunde palestinarraren kontrako bonbardaketa egin du.