AEB-ko Hauteskundeak -
KANPAINAN, BORROKAN
Obamaren taldeak Romney barregarri utzi du bideo batean
Obamaren kanpaina-taldeak hautagai errepublikanoa, Romney, kritikatu eta aldi berean irrigarri uzten duen bideo bat zabaldu du. America is beautiful nahiko txarto abesten entzuten da bertan Romney.
N.GONZALEZ
Kanpaina-taldeen arteko gerra hasi baino ez da egin, eta sarea borrokarako eremu garrantzitsua bihurtu da jada. Barack Obama presidentearen kanpaina-taldea izan da erasotzen lehena. Demokratek Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izango dena kritikatu eta barregarri utzi dute bideo batean. Romney America is beautiful abesten ageri da bertan, berak enpresari bezala egindako gestioak kritikatzen dituzten irudiak ikusten diren bitartean (azaroko hauteskundeetara begira Romneyren indarguneetako bat enpresari ona izatea da).
Bideoak 30 segundo inguruko iraupena du eta hiru egunetan milioi bat ikustaldi baino gehiago izan ditu. Romney "ez da konponbidea, arazoa baizik" erakutsi nahi izan du Obamaren taldeak bideo horrekin. Horretaz aparte, Massachussetseko gobernadore izan zenean Indian langileak azpikontratatu izana, lanpostuak Mexikora eraman izana eta paradisu fiskaletan (Suitzan eta Bermuda eta Kaiman uharteetan, besteak beste) milioiak izatea egotzi diote Romneyri.
Romneyren kanpainaz arduratzen den taldeak arin erantzun du. Demokratek bideoa igorri eta bi egunetara, errepublikanoek antzeko bideo bat aireratu dute. Bertan, Obamak Al Greenen Let’s stay together abestu bitartean, Alderdi Demokrataren aldeko ‘lobby’ edo presio-taldeen irudiak erakutsi dituzte, eta presidenteak kanpainan zehar dirua eman diotenei emandako ordainak ere bai. Romneyren taldearen bideoak, baina, ez du hainbeste arrakasta lortu, eta, copyright eskubideak urratu dituenez, sarera igo eta gutxira kendu egin behar izan dute.