Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak amaitutzat eman du Ukrainako portuetatik alea esportatzeko akordioa

Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du Errusia akordiotik ateratzeak ez duela ez duela ezer aldatzen; izan ere, "ez genuen akordiorik haiekin".

Gari soroa. Argazkia: Pixabay
Gari soroa. Argazkia: Pixabay
Gari soroa. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako agintariek astelehen honetan iragarri dutenez, 2022ko uztailean lehen aldiz lortutako ale esportazioaren akordioari amaiera eman dio herrialdeak, Kieven ez betetzeak salatu ostean.

Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, "Ukrainako eta Turkiako aldeei amaieraren berri eman zaie, baita Nazio Batuei ere", eta Moskuk dituen "eragozpenak" azaldu dizkie, akordioa luzatzeari uko egin ostean.

Hala, agintariek etorkizun hurbilean horri buruzko xehetasun gehiago emateko asmoa dutela adierazi du, Interfax albiste agentziak jaso duenez. Aleak esportatzeko akordioa duela urtebete lortu zen Turkiako Istanbul hirian, Turkiako agintarien eta Nazio Batuen parte hartzearekin.

Asteburuan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak azpimarratu zuen ez zuela ikusten astelehen honetan iraungitzekoa zen akordio hori luzatzeko baldintzak betetzen zirenik.

Erreakzioak

Jose Manuel Alvarez Espainiako Zerealen eta Oleaginosen Merkataritza Elkarteko (Accoe) idazkari nagusiak adierazi du akordioa bertan behera uztea "kolpe nahiko gogorra" izan daitekeela Espainiarentzat, "Ukrainako zereala berriro galtzea" ekarriko bailuke.

Bestalde, Jose Roales Nekazarien eta Abeltzainen Erakundeen Koordinakundeko (COAG) belar sektoreko arduradunak adierazi du iragarpenak agertoki "kezkagarria" eta "arriskutsua" uzten duela, merkatuan zerealen "hornidurarik eza" eragin dezakeelako.

Nazioartean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiaren "zinismoa" salatu du albistearen berri izan ostean. Ildo horretan, EBk nekazaritza produktuak Ukrainatik ateratzea bermatuko duela defendatu du, korridoreen ekimenaren bidez. Ekimen horren bitartez, Europak burokrazia eta kontrolak mugatzen dizkie Ukrainako esportazioei.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen ustez, bere homologo errusiarrak akordioa "indarrean" mantendu nahi du, eta gaiari heltzeko berarekin hitz egingo duela gaineratu du. "Pausoak emango ditugu Putini dei eginez, abuztura arte itxaron gabe", esan du.

Gainera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du ez zutela inoiz Errusiarekin alea esportatzeko itunik adostu, eta Itsaso Beltzean zehar irekitako korridorea erabiltzen jarrai daitekeela, Mosku irten arren. Hala, Errusiak akordioari amaiera ematen diola iragartzean, Turkiarekin eta NBErekin dituen akordioak "apurtzen" ari dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europar Batasuna Ukraina albisteak Errusia Vladímir Putin NBE argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra Zelenski albisteak