Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak misilak jaurti ditu Odesako portura, handik zereala esportatzeko akordioa amaitutzat eman ondoren
Odesako Administrazio Militarreko arduradunak jakitera eman duenez, portuko hainbat azpiegitura eta etxebizitza kaltetu dituzte erasoan.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik esportatu ahal izateko ituna Errusiak bertan behera utzi eta biramunean, tropa errusiarrek bart Odesako portuari —Ukrainako hiru portu nagusietako bati— eraso egin diote, gurutzaldi-misilak jaurtita. Hainbat azpiegitura eta eraikin hondatu dituzte.
"Bart Odesako portura Kalibr motako sei misil jaurti dituzte Itsaso Beltzetik", esan du Segui Bratchu Odesako Administrazio Militarreko ordezkariak. Horren hitzetan, "Ukrainako defentsarako talde antiaereoek lehergailu guztiak suntsitzea" lortu duten arren, kalteak handiak izan dira. "Misilen hondakinek eta eraispenek eragindako leherketek" portuko eta inguruko azpiegituretan txikizioak eragin dituzte. Antza, pertsona bat ere zauritu da.
Errusiak atzo jakinarazi zuen Itsaso Beltzetik zereala esportatzeko Turkiarekin eta NBEkin iaz izenpetu zuten akordiotik aterako dela. Itun horren arabera, Ukrainako hiru portutatik (Odesa, Pivdennyi eta Chornomorsk) artoa, garia eta beste hainbat labore garraiatzen lagatzen zien Kremlinek zama-ontziei.
Nolabait, zerealen esportaziorako nolabaiteko itsas korridore segurua adostu zuten aldeek. Ukraina munduko zereal ekoizlerik garrantzitsuenetako da.
Errusiaren atzoko erabakiaren aurrean, Ukrainak Turkiari eta NBEri eskatu die berma dezatela zerealak Itsaso Beltzetik modu seguruan esportatu ahal izatea.