Mundua -

Lehen urteurrena

Norvegiak omenaldi isila egin die Anders Breiviken atentatuen biktimei

"Herria garaile atera da" esan die norvegiarrei Jen Stoltenberg lehen ministroak. Herritar askok arrosa gorriak eta zuriak zeramatzaten hildakoen oroimenez.

Norvegiako erregearen familia ere Breiviken biktimen omenaldian izan da. Efe.
Norvegia atentatuak Breivik | Norvegiako atentatuen lehen urteurrena
Norvegiak omenaldi isila egin die Anders Breiviken atentatuen biktimei

02:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka herritar kalera atera dira Oslon, Norvegian, Anders Breiviken atentatuetan hildakoei omenaldi isila egiteko. Brevikek 77 pertsona hil zituen; gehienak, Norbegiako Alderdi Laboristako gazteak.

Hiltzaileak bonba-auto bat lehertarazi zuen Gobernuaren eraikin batzuen aurrean, zortzi pertsona hil zituen. Ondoren, Utoya irlara joan eta 71 gazte tirokatu zituen. Norvegiako alderdi nagusiei, eta laboristei bereziki, eredu multikultural "marxista"ren alde egin eta herria suntsitzea leporatzen zien Breivikek.

Ekitaldi nagusietako bat Gobernuak Oslon duen egoitzan egin dute. Duela urtebete izandako leherketaren zantzuak nabarmenak dira oraindik. "Bonbak eta tiroek Norvegia aldatu nahi zuten. Jendearen erantzuna, gure balioei eustea izan da", esan du Jens Stoltenberg lehen ministroak. Breivikek "porrot egin du, herria garailea atera da", gaineratu du herritarrei zuzendutako hitzaldian.

Norvegiar askok arrosa gorriak eta zuriak zeramatzaten biktimen oroimenez.

"Inork gutxik igaro dezake egun oso bat uztailaren 22an gertatutakoa gogoan izan barik, falta direnen hutsa nabaritu barik, berarekin kaletik ibili edota gomendioak eskatzen zenizkion pertsona gogoan izan barik", azaldu du Vegard Groeslie Wennesland Utoyako hilketetatik bizirik atera zen pertsonetako batek.

"Orain bizitzaz disfrutatzen dut"

Atentatuetatik bizirik atera ziren mila pertsona inguru bildu dira Utoya irlan ekitaldi pribatu batean parte hartzeko. Helioz puztutako puxika handi bat aireratu dute, bihotz formakoa, eta hainbat mezu itsatsita zeramana.

Gertatutakoak "aldatu egin nau. Orain momentuaz disfrutatu egiten dut, bizitza hemen eta orain gozatzen dut", esan du Wenneslandek. Berak bizirik ateratzea lortu zuen beste 50 pertsonarekin batera txabola batean sartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea