Mundua -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Israel eta Palestinaren arteko gatazka, txertaketa kanpaina EAEn eta anbulantzien greba
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, urriak 9, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Israel eta Palestinaren arteko gatazka: Hamas mugimendu palestinarrak igande honetan adierazi duenez, Ben Gurion Israelgo aireportu nagusiari eraso egin dio; izan ere, aireportuaren erdialdean, instalazio hori dagoen lekuan, aireko eraso baten berri ematen duten sirenak entzuten hasi dira, Israelgo komunikabideek jakitera eman dutenez. Rishon Letzion, Gedera eta Rehovot hirietan entzun dira sirena hotsak.
-Txertaketa kanpaina EAEn: Osakidetzak gaur ekingo dio covid-19aren eta gripearen aurkako txertoak aldi berean emateari. Arrisku taldekoekin hasiko da kanpaina, hots, 60 urtetik gorako pertsonekin, gaixo kronikoekin, haurdunekin, osasun langileekin eta inmunodepresioren bat dutenekin. Adinekoen egoitzetan duela bi aste hasi ziren txertatzen.
-Anbulantzien greba: Azken asteotako mobilizazioen ondotik, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek EAEko anbulantzia zerbitzuetan deitutako hiru greba egunetako lehena da gaurkoa. Asteazkenera arte luzatuko dira lanuzteak, hitzarmen berria lortzeko negoziazioan patronalaren "etengabeko blokeoa" salatzeko.