Mundua -

EKIALDE HURBILA

Bruselak ez du bertan behera utziko Palestinarako giza laguntza, komisario batek hala iragarri badu ere

Polemika izan da arratsaldean EBn. Oliver Varhelyi Hedapenerako komisario europarrak iragarri du Europar Batasunak laguntza humanitarioa etengo diola Palestinari. Ordu batzuk geroago Janez Lenarcic Krisien Kudeaketarako komisarioak ukatu egin du albistea. EBk oharra kaleratu du gaia argituz.

Haur bat Gazan bonbardatutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE
Haur bat Gazan bonbardatutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE
Haur bat Gazan bonbardatutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamasek Israeli eraso egin ondoren, Europako Batzordeak Palestinari egiten dizkion giza laguntzarako ordainketa guztiak "berehala" bertan behera uztea erabaki duela iragarri du Oliver Varhelyi Hedapenerako komisario europarrak astelehen arratsaldean X sare sozialean (lehen Twitter zena). Palestinaren garapenerako politika ere bere osotasunean berraztertuko duela iragarri du Varhelyi, 691 milioi euro, zehazki, baita 2023rako aurrekontu proposamen berriak ere.

Iragarpenak harridura eragin du eta, besteak beste, Espainiak, Irlandak eta Luxemburgek desadostasuna agertu dute. Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo Arazoetako ministroak telefonoz hitz egin du komisarioarekin, erabakiarekin ados ez daudela azaltzeko. Era berean, Josep Borrelli eskatu dio neurri hori Kanpo Arazoetarako Kontseiluak astearte honetan egingo duen ezohiko bileraren gai-zerrendan sartzeko.

Geroago, Janez Lenarcic EBko Krisien Kudeaketarako komisarioak mezu kontrajarria argitaratu du X sarean, laguntza humanitarioa ez dela bertan behera geratuko adieraziz.

Handik gutxira, oharra kaleratu du Europar Batzordeak Palestinako funtsen auzia, neurri batean behintzat, argituz. Palestinarako dirulaguntzak berrikusiko dituela baiezatu du, EBko funtsek ez dutela, zeharka bada ere, Hamasen esku amaitzen bermatzeko. Eta azken egunetako aldaketen ondorioz palestinarrentzako eta Palestinako Aginte Nazionalarentzako babes programak egokitzea beharrezkoa ote den aztertuko dute.

Hori bai, Estatu kideekin koordinatuta egingo duela esan du Europako Batzordeak, eta orain ez dutela ordainketarik izoztuko ere argitu du; besterik gabe, epe laburrera ez zegoelako ordainketarik aurreikusita.

EBk nabarmendu du, era berean, Palestinarako laguntza humanitarioa salbuetsita dagoela eta laguntza hori jasoten jarraituko dutela, dena dela, Gaza eta Zisjordaniako herritarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gazako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Europako Parlamentua Ekialde Hurbileko albisteak Giza eskubideak gaur