Mundua -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PANeko enbaxadorea: "Palestinarren % 10ek babesten dute Hamas, baina errepresioak babesa indartuko du"
Palestinako Aginte Nazionalak Espainian duen enbaxadore Husni Abdel Wahedek salatu du AEB eta Europa Israel zirikatzen ari direla, Gazako Zerrenda suntsitzeko, eta "horrek esan nahi du hiltzeko baimena dutela".
E. G. | EITB Media
Palestinako Aginte Nazionalak Espainian duen enbaxadore Husni Abdel Wahedek argitu du palestinarren % 10ek soilik babesten dutela "islam politiko osoa", besteak beste, Hamas taldeari zeharkako aipamena eginda. Dena den, ohartarazi du Israelen errepresioa areagotzen bada, babesa ere handitu egingo dela.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Abdel Wahedek salatu du Israel zirikatzen ari direla AEB eta Europa, Gazako Zerrenda suntsitzeko, eta "horrek esan nahi du hiltzeko baimena dutela". Era berean, urte luzez palestinar herriak bizi izan duen okupazioa kritikatu du, baita Mendebaldearen "moral bikoitza" ere: "Zergatik onartzen da terrorismoa biktimak palestinarrak direnean, baina ez israeldarrak direnean?", galdetu du.
Elkarrizketan, gaitzetsi du Mendebaldea "tranpan jaustea"; Hamasek bahituta dituen israeldarrekin arduratzea eta ez, aldiz, oinarrizko eskubideen —tartean bizitza eskubidea— urraketa pairatzen duten 15 milioi palestinarrekin.
Hartara, Abdel Wahedek naturaren lege batekin erkatu du Ekialde Hurbileko egoera: "presioa etengabe areagotzeak leherketa bat eragiten du halabeharrez". Hala, ziurtatu du gatazkak luze iraungo duela, "eta gertaera hori behin eta berriro errepikatuko da", lurralde okupatuak dauden eta Israelek "politika faxistek" jarraitzen duten bitartean. "Ez dugu Hamasen jokabidearekin bat egiten, baina gogor egiten jarraituko dugu gure oinarrizko eskubideak berreskuratu arte", bukatu du.