Mundua -

Ekialde Hurbila

Gazan argindarrik gabe daude, bertako zentral elektrikoa erregairik gabe geratu baita

Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du eta 300.000 soldadu zabaldu ditu mugan. Gainera, Israelek Libanoko lurraldeari eraso dio, Hezbolak misil bat jaurti ostean.

Israelek Gazako zerrendari egindako azken erasotako bat. Argazkia: EFE.
Israelek Gazako zerrendari egindako eraso bat.
Gazako Zerrendaren suntsipena, drone batetik ikusita

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gazan ezarritako erabateko blokeoaren ondorioz argindarrik gabe daude, Palestinako enklabeko zentral elektriko bakarra erregairik gabe geratu baita Israelek asteartean zonaldea erabat blokeatu eta gero. Hamasek (Erresistentzia Islamikoaren Mugimendua) asteburuan eraso zion Israeli.

Gazako agintariek aurrez adierazi dutenez, itzalaldi horrek "eragotzi egingo du oinarrizko zerbitzuak ematea" tokiko herritarrei, elektrizitatearen menpe baitaude eta elektrizitate-sorgailuekin lan egiten baitute, Rafako pasabidetik bertatik erregaia hornitzea debekatuta dagoelako.

"Horrek arriskuan jartzen du 2,3 milioi pertsonaren bizitza, eta, beraz, premiazko alerta ezarri da nazioarteari eta haren erakunde humanitarioei laguntza eskatzeko", zehaztu dute.

Israelgo agintariek "giza animaliatzat" jo dituzte palestinarrak, eta larunbatean Hamasek abiatutako erasoaldiaren ostean "suntsipena" baino ez dela izango azpimarratu dute: "Infernua nahi zenuten eta infernua izango duzue", esan zuen asteartean Ghasan Alian Lurraldeetako Gobernu Jardueren koordinatzaileak. "Israelek erabateko blokeoa ezarri dio Gazari. Ez da ez elektrizitaterik ez urik izango, suntsipena besterik ez", esan zuen.

Bestalde, Israelgo Armadak Libanoko lurraldearen aurkako eraso bat egin du gaur, gerra gurdien kontrako misil batek mugatik gertu dagoen kontrol-postu baten aurka jotako tiroari erantzunez. Arratsaldean, berriz, iparraldeko herritarrei euren etxeetan babesteko eskatu die, "Libanotik eskala handiko erasoa" heldu daiteken zantzuak omen dituztelako.

Laguntza humanitarioa

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak dei egin du Israelen eta Gazaren arteko gatazkak gehiagora egin ez dezan. "Etengabeko harremanetan nago eskualdeko agintariekin, eta lehentasunak ari gara ezartzen. Alde guztiei eta aliatuei dei egiten diet gatazka areagotu ez dadin", adierazi du Guterresek. Gazan dauden bahitu israeldar guztiak berehala askatzea ereeskatu du.

Halaber, adierazi du NBE lanean ari dela Gazako herritarrei laguntza emateko. Hori dela eta, Gazako Zerrendan "azkar eta oztoporik gabe sartzen uzteko" eskatu du,  janaria eta ura eramateko bertara. "Zibilak kosta ahala kosta babestu behar dira", adierazi du.

Heriotzen eta zaurituen balantzea

Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketen ondorioz hildako palestinarren balantzea milatik gorakoa da, Gazako agintariek gaur baieztatu dutenez.

Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du, eta 300.000 soldadu zabaldu ditu mugan.

Gazako Osasun Ministerioak X sare sozialean azaldu duenez, "Israelen erasoaren bosgarren eguneko" balantzeak 1.055 palestinar "martiri" eta 5.184 zauritu utzi ditu. Israelen bonbardaketen ondorioz zauritutako pertsonen "% 60 inguru" emakumeak eta haurrak dira.

Horrez gain, Yusef Abu al Rish Gazako Osasun ministrordeak adierazi duenez, "ospitale guztietan oheak agortu dira", eta ohartarazi du "hornidura medikoak eta botikak agortzen" ari direla. Krisi hori sakonagoa da Israelek kokaguneari erabateko hesia ezarri, hornidurak sartzea eragotzi eta argia eta ura moztu eta gero.

Omer Tishler Israelgo Aire Armadako buruak nabarmendu duenez, Gazako Zerrendako jomugei erasotzen ari dira, "aurrekaririk gabeko eskala batean", eta "eraso bakoitzaren atzean helburu bat" dagoela adierazi du.

Israelek orain arte 1.200 heriotza eta 3.700 pertsona zauritu baino gehiago baieztatu ditu, Hamasen erasoaldia hasi zenetik.

Gaur jakin da hildakoen artean Errefuxiatu Palestinarren Babeserako Nazio Batuen Erakundearen Agentziako 11 langile daudela. Israelgo Armadak Gazan egindako bonbardaketetan hil dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila gaur