Mundua -
ekialde hurbila
Maya Villalobo Hamasen erasoaren ostean desagertutako sevillarraren heriotza baieztatu du Atzerri Ministerioak
Espainiako Gobernuak doluminak eman dizkio familiari. Bien bitartean, desagerturik jarraitzen du Ivan Illarramendi Saizar 46 urteko bilbotarrak.
A. S | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak Maya Villalobo sevillarraren heriotza baieztatu du, eta doluminak helarazi dizkio haren familiari. Hamasek Israelen egindako erasoen ostean desartuta zegoen gaztea.
Nazionalitate bikoitza (espainiarra eta israeldarra) zuen Mayak, eta Nahal Oz base militarrean (Gazatik oso gertu) zegoen erasoa gertatu zenean, soldaduska egiten ari baitzen.
Bien bitartean, Ivan Illarramendi Saizar 46 urteko bilbotarrak desagertuta jarraitzen du.
Auzitegi Nazionala
Maria Tardon Auzitegi Nazionaleko epaileak Israeli eta Gazako eta Zisjordaniako lurralde palestinarrei egindako erasoen ostean hiru pertsona espainiarren desagerpena ikertzeko eskumena onartzea erabaki du.
Instrukzioko Hirugarren Epaitegi Zentralak bere gain hartu du eskumena, egitateak Zigor Kodearen 571. artikuluko eta hurrengoetako tipo penaletan egokitzen baitira, ustezko terrorismo-delitua denez. Gainera, Espainiako jurisdikzioari dagokio gertakari horiek ikertzea, Espainiako nazionalitatea duten biktimak daudelako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 23.4 e) eta 4 artikuluaren arabera.
Magistratuak eskumena onartzen duen autoan adierazten duenez, urriaren 9an Madrilgo Informazio Zerbitzuko Buruzagitzak idatzi bat aurkeztu zuen, urriaren 7an eta 8an izandako ekintza terroristen berri emateko. Txosten horretan, gatazka-eremuan zeuden hiru espainiar, senar-emazte batzuk eta Israelgo indarretan soldadutza egiten ari zen emakume gazte bat, desagertu zirela jakinarazten zen.