Mundua -
EKIALDE HURBILA
Libano eta Israelen artean enfrentamendu gogorrak sortu dira, Hizbulak misilak jaurti ondoren
Libanoko Hizbula talde xiitak bere gain hartu du gaur Israel iparraldean izan den erasoa. Misilak jaurti dituzte, eta egileen hitzetan, soldadu israeldar asko hil dira erasoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Libano eta Israelen artean borroka gogorrak sortu dira. Goizean Hizbula talde xiitak Israel iparraldera misilak jaurti ditu, eta berehala etorri da Armada israeldarraren erantzuna, artilleria astunarekin eta dronekin.
Libanoko Albiste Agentzia Nazionalak esan duenez, "etsaiaren dronek eta artilleriak herrialdearen hego-ekialdea erasotu dute". Gainera, iturri horren arabera, fosforo bonbak ere erabili dituzte erasoan. Bi herrialdeen arteko mugan izan dira erasoak, eta Hizbulako kideek metrailadoreekin erantzun dute.
Talde xiitak bere gain hartu du gaur Israel iparraldean goizean izan den erasoa. Egileen hitzetan, soldadu israeldar asko hil dira erasoan. Antza, Libanon dauden milizia palestinarrek ere hartu dute parte enfrentamendu horietan.
Aipatutako berri-agentziak ziurtatu du orain arte Hizbulako hiru kide hil direla.
Joan den larunbatean Hamas taldearen eta Israelen arteko gerra lehertu ondoren areagotu dira enfrentamenduak Libanoko mugan ere.