Mundua -

ISRAEL-HAMAS GERRA

Europar Batasunak hegazkinak bidaliko ditu Egiptora, Gazara laguntza humanitarioa igortzeko

Bien bitartean, Gaza iparraldeko ehunka mila pertsona Khan Yunis eta Rafahra iritsi dira, Egiptoko mugan, ihes egiten saiatzeko.

Gaza. Artxiboko argazkia: EFE
Gaza
Egiptoren arabera, gaur irekiko dute Rafaheko pasabidea laguntza humanitariorako eta atzerritarrak irteteko

0:44

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko diplomazialariak erlojuaren kontra ari dira negoziatzen, Gazan laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetuko duen su-etena adosten saiatzeko.

Mikel Ayestaran EITBk Jerusalemen duen korrespontsalak azaldu duenez, negoziazioetako gatazka-puntu nagusia Gazan sartuko diren kamioiak dira. Alegia, ibilgailu bakoitza nola miatu.

Testuinguru horretan, Europar Batasunak iragarri du aireko konexioa jarriko duela martxan Egiptorekin, Gazara laguntza humanitarioa bidaltzeko helburuz.

Batasunak azaldu duenez, lehen bi hegaldiak asteon bertan iritsiko dira, UNICEFen laguntza humanitarioa eramateko, tartean sendagaiak eta higiene produktuak.

Mikel Ayestaran: ''Gero eta zailagoa da Gazara hurbiltzea''
Mikel Ayestaran: ''Gero eta zailagoa da Gazara hurbiltzea''
Mikel Ayestaran: ''Gero eta zailagoa da Gazara hurbiltzea''

1:44

Bien bitartean, Zerrenda iparraldeko ehunka mila gazatar Khan Yunisera eta handik gertu dagoen Rafahra iritsi dira, Egiptoko mugan, hegoaldera ihes eginda, Israelek zabaldutako aginduari men eginez, hau da, Gazako iparraldea husteko agindua.

NBEk baieztatu duenez, gutxienez 600.000 palestinar iritsi dira Gazako Zerrendaren erdialdera eta hegoaldera, eta Israelek iparraldea husteko agindua eman du, Hamas talde islamistak gertu dauden herrien aurka eraso egin ondoren.

Kalkuluen arabera, dagoeneko ihes egin duten pertsonen erdiak (erasoen areagotzearen edo Israelgo indarrek Palestinako lurralde hori berriro okupatzearen beldur) Nazio Batuen aterpetxeetan edo inguruetan daude, leku horiek errespetatuko diren itxaropenarekin.

"Jende asko kalean lo egiten ari da, haur, adineko, ezindu, gaixo eta emakume ugari tartean", adierazi du NBEk.

Hamasek bahitutako israeldarrak 199 direla konfirmatu die gobernuak euren senideei
Hamasek bahitutako israeldarrak 199 direla konfirmatu die gobernuak euren senideei
Hamasek bahitutako israeldarrak 199 direla konfirmatu die gobernuak euren senideei

1:23

Bestalde, gutxi gorabehera 24 ordurako erregaia geratzen da energia sorgailuetan, osasun instalazioek funtzionatzen jarrai dezaten, modu mugatuan bada ere. "Sorgailuen itzalaldiak arriskuan jarriko luke ehunka pazienteren bizitza", ohartarazi du erakundeak.

Hamasen erasoak piztutako gerrak hamargarren eguna du gaur. Guztira, erasoaldiak 2.800 hildako eta ia 11.000 zauritu utzi ditu alde palestinarrean; Israelen, berriz, 1.400 pertsona inguru hil zituzten milizia islamistaren erasoan, eta horiei Libanoko Hezbollah milizia xiitaren erasoek iparraldeko mugan eragindako bost hildako gehitu behar zaizkie. Desagertutakoen kopuruari begiratuta, Palestinako Defentsa Zibilak uste du mila hildako baino gehiago egon daitezkeela hondakinen azpian.

Gainera, Hamaseko 1.200 kide inguru hil zituzten Israelgo lurretan urriaren 7ko erasoan eta ondorengo hiru egunetan, erasoan milizianoek hartutako 30 herri inguru berriz bereganatzeko bidalitako Israelgo indarrekin izandako borrokaldietan.

Gerra hasi zenetik, 58 palestinar hil eta 1.250 zauritu dira israeldarrekin izandako liskarretan, Zisjordania okupatuan. Israelgo indarrek atxiloketa kanpaina zabala abiatu dute goizaldean barruti askotan, eta gazte bat hil dute Jerikon, buruan tiro eginda.

Rafahko pasabidearen irekiera

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ukatu egin du Gaza hegoaldean su-etena adostu dutela, Reuters agentziak gaur goizean zabaldutako informazioen aurrean. Ohar labur batean adierazi duenez, "gaur egun ez dago su-etenik edo laguntza humanitariorik Gazan, atzerritarrak irtetearen truke".

Hamasek ere gezurtatu egin du. Izat al Rishiq Hamaseko goi-kargudunak komunikabideei ohartarazi die "ez oinarritzeko erresistentziaren iturri ofizialak eta Gobernuaren Ekintza Batzordea ez diren iturrietan". Hitzok Telegram bidez argitaratutako mezu batean esan ditu.

Aurrez, Reuters albiste agentziak adierazi du Egiptok, Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek su-etena adostu dutela Gaza hegoaldean, Euskal Herrian 08:00ak zirenean sartuko zela indarrean eta Rafahko pasabidea irekiko zutela laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerritarrak irteteko.

Informazio horren arabera, su-etenak hainbat ordu iraungo zuen eta hiru herrialdeek adostu dute Egipto eta Gaza arteko pasabidea Euskal Herrian 16:00ak izan arte egongo zela irekita.

Egipto eta Gaza arteko Rafahko pasabidea da, hain zuzen ere, Israelek kontrolatzen ez duen Gazako muga bakarra.

Zentzu horretan, Sameh Sukri Egiptoko Atzerri ministroak adierazi duenez, Israelek ez du oraindik baimenik eman muga zabaltzeko. "NBEko agintariarekin hitz egin dut (Israelen baimen bati buruz), baina orain arte ezer berririk ez Israelen jarreran. Oso larria da hau", esan du Sukrik prentsaurrekoan, Catherine Colonna Frantziako Atzerri ministroarekin batera.

Blinken-Netanyahu bilera

Antony Blinken Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkaria Israelen dago, Gazatik milaka herritar ateratzea ahalbidetuko duen giza pasabide bat irekitzeko aukera aztertzeko.

Urriaren 7an gerra lehertu zenetik, Blinekenek Israelera egiten duen bigarren bisita da. Gaur arratsaldean Israelgo lehen ministroarekin bildu da, eta bi agintariok bunker batean babestu behar izan dute, Tel Aviven bilduta zeuden bitartean sirena-hotsak hasi direlako. Behin arriskua igarota, Israelgo Defentsa Ministerioaren egoitzara itzuli dira, bilera jarraitzera.

Gaia jarraitzera hurbildu diren kazetariak ere, Defentsa Ministerioaren egoitzara sartu dira, babes bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel Palestina azken orduko albisteak Azken ordukoa Kairo Eskubide unibertsalak Ekialde Hurbila