Mundua -
Gaza erasopean
Hamasen 450 postu militar suntsitu dituela eta Gazako Zerrenda bitan zatitu duela ohartarazi du Israelek
"Erasoan Hamaseko hainbat terrorista hil dira", esan du Israelgo Armadak. Erasoaldia hasi zenetik, Gaza komunikazio gabe utzi duten hirugarren aldia da.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Israelgo Armadak ziurtatu du Hamasen 450 postu militar bonbardatu dituela gauean, eta komandante bat hil dutela Gazako Zerrendan. Kontrola berenganatzen hasi zirenetik, Zerrenda bitan zatitzea eta gazatarrei komunikazioak zailtzea izan dute xede.
Armadak erantsi duenez, Hamasen gune militar baten kontrola hartu dute tropek azken orduetan. Gune horretan, behaketa tokiak, Hamaseko kideak entrenatzeko eremuak eta lur azpiko tunelak zituzten.
"Erasoan Hamaseko hainbat terrorista hil dira", esan du Israelgo Armadak. Erasoaldia hasi zutenetik, Gaza komunikazio gabe utzi duten hirugarren aldia da.
Armadak, baina, ez du zehaztu gune militar horren kokapen, nahiz eta atzo gauean bozeramaile ofizialak, Daniel Hagarik, azpimarratu zuen lurreko tropak Mediterraneoko kostara iritsi zirela, Gazako zerrendaren erdigunera.
Urriaren 7an gerra piztu zenetik, 9.700 lagun baino gehiago hil dituzte (tartean 4.000 adingabe) Gazan, eta 25.000 gazatar zauritu. Orain arteko krisi humanitario handiena bizi du Gazak. Ospitaleak jendez gainezka daude, eta ez dute erregairik, ezta botikarik ere.