Mundua -

Meniaren luzapena

Qatarrek dio Gazan "su-eten iraunkorra" lortzeko lanean ari dela

"Gure helburua Gazako Zerrendan su-eten humanitario luzeagoa lortzeko akordioa ixtea da", azaldu du Mayed al Ansari Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Palestinarren exodoak ez du etenik, nahiz eta Gazan su-etena indarrean izan. Argazkia: EFE
Palestinarren exodoak ez du etenik, nahiz eta Gazan su-etena indarrean izan. Argazkia: EFE
Palestinarren exodoak ez du etenik, nahiz eta Gazan su-etena indarrean izan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Qatarren Gobernuak astearte honetan nabarmendu duenez, Gazako Zerrendan "su-eten iraunkorra" lortzeko lanean jarraitzen du, Israelek eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak joan den astean lortutako aldi baterako menia bi egunez luzatzeko akordioa lortu ostean.

"Qatarreko Estatua lehen egunetik aritu da lanean bitartekaritza indartzeko, lehenik menia lortzeko eta, ondoren, Gazan su-eten iraunkor bat adosteko", adierazi du Mayed al Ansari Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak prentsaurrekoan.

Bien bitartean, Israelen jazarpenak ez du etenik. Mikel Ayestaran ETBko berriemaileak X sare sozialean jakitera eman duenez, "atxiloketa administratiboa" da Israelek lurralde okupatuetan erabiltzen duen formula palestinarrak giltzapetzeko, epaitu ere egin gabe, horietako asko, gainera, adingabeak. Horren adibide bat hemen:

"Gure helburua Gazako Zerrendan su-eten humanitario luzeagoa lortzeko akordio bat ixtea da", esan du Al Ansarik, Hamasek urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoen ondorioz areagotutako borrokaldiak eteteko nazioarteko ahaleginen testuinguruan.

Halaber, zehaztu du Israelek eta Hamasek adostutako "su-eten humanitarioaren" luzapena (asteartean eta asteazkenean egongo da indarrean, balizko akordio berrien zain) "aurreko baldintza" berdinekin aurrera eramango dela, Al Yazira telebista kateak jaso duenez.

Presoen hurrengo trukea

Al Ansarik azaldu duenez, Dohari "Gazan dauden 20 bahitu datozen bi egunetan askatuko dituztela baieztatu diote", eta Tel Avivek erantzun egingo du Israelen espetxeratutako beste 60 pertsona aske utzita, guztiak 18 urteko emakumeak edo gazteak zein adingabeak.

"Orain lehentasuna emakumeak, haurrak eta zibilak askatzea da", nabarmendu du, Qatarrek "Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa etengabe sartzen dela bermatu nahi duela" azpimarratu aurretik. "Gazako Zerrendara 27 hegazkin bidali ditugu, 910 tona laguntza humanitariorekin", gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Qatar Ekialde Hurbila Hamas