Mundua -
'BORRELL PROPOSAMENA'
EBren 12 urratseko plana, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkarekin amaitzeko
Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburuak egindako bake-planak 12 puntuko ibilbide-orria planteatzen du israeldarren eta palestinarren arteko gatazka historikoarekin behin betiko amaitzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak Gazan bizi duten egungo gerratik haratago, israeldarren eta palestinarren arteko indarkeria-gatazka historikoarekin amaitzeko "bake-plan integrala" aurkeztu die EBko Atzerri ministroei. Plan horren abiapuntua, "laster" bake konferentzia bat egitea litzateke, eta, helburua, 12 urrats zehatzen ondoren, betirako bakea lortzea.
"Uste dut bakeaz eta bake-prozesuaz hitz egiteari utzi behar diogula, eta zehatzago hitz egiten hasi behar dugula bi Estatu aurreikusiko lituzkeen konponbideari buruz. Izendatzeko modua garrantzitsua da", adierazi du Borrellek EBko Atzerri ministroen Kontseilura iritsi denean.
Borrellen proposamenaren helburua Gazako gerraren aurretik jada indarrean zegoen gatazkaren eta okupazioaren gaiari heltzea da, betirako izango den "bake integrala" lortzeko. Hauek dira ibilbide-orriaren 12 urrats nagusiak, EFE agentziak zabaldutako dokumentuaren arabera:
1. Europar Batasunak Gazako egoera humanitarioaren, gerraren eta eraso terroristen auziari heltzea ezinbestekoa eta premiazkoa dela adierazten du. Horretarako, israeldarren eta palestinarren etorkizuneko segurtasunerako, lurralde okupatuen egonkortzerako eta Gazaren susperraldi eta gobernantzarako prestatu behar dela adierazten du. Gerraosteko garai horretarako prestatzeak, ezinbestean, eskualdeko gatazka luzeekin amaitzeko ekimen bat aurreikusten du.
2. Ohartarazten du beharrezkoa dela bake orokorra ahalik eta lasterren sustatzea. Izan ere, bi estaturen konponbidea ekarriko lukeen bake-prozesurik egon ezean, Gazan edo beste leku batean ezarritako gobernantza eta segurtasun sistema oro okupazioaren hedapentzat eta palestinarren eskubideen zapalkuntzatzat hartuko da; eta, beraz, arrisku gehiago sortuko ditu eskualdearentzat zein Europarentzat.
3. Irtenbide integral sinesgarri bakarra, Israelen ondoan bakean eta segurtasunean bizi den Estatu palestinar independentea dela defendatzen du; Israelen, Palestinaren eta eskualdearen artean, estatu arabiar nagusiak barne, segurtasuna eta lankidetza ekonomikoa erabat normalizatuta eta garatuta dutela.
4. Gaineratu duenez, ez da errealista israeldarrek eta palestinarrek – azken horiek Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE-OLP) ordezkatuta – etorkizun hurbilean alde biko bake-negoziazioetan parte hartzea, nazioarteko parte-hartze handirik gabe. Palestinarrek PAE indartsu bat beharko dute Hamasen alternatiba politikoa egon ahal izateko, eta israeldarrek, berriz, borondate politikoa aurkitu beharko dute bi estaturen konponbiderako negoziazio esanguratsuak hasteko, dio. Beraz, kanpoko eragileen erantzukizuna da, EBrena esate baterako, bake integrala lortzeko eremua prestatzen laguntzea.
5. 'Bakearen Eguneko Ahalegina' deituriko bileraren emaitzak oinarri hartuta, bakea prestatzeko konferentzia bat antolatzea gomendatzen du. Bilera hori EBren eta Egiptoren, Jordaniaren, Saudi Arabiaren eta Arabiar Estatuen Ligaren izenean antolatu beharko litzateke, eta, ahal bada, Estatu Batuekin batera.
6. Konferentzia horrek Atzerri gaietarako ministroak eta nazioarteko erakunde garrantzitsuetako buruak deitu beharko lituzke, eskualdeko bake integrala lortzen laguntzeko prest eta gai direnak, eta horiek, era berean, gatazkan dauden alde bakoitzarekin, aldi berean, bilera berezituak antolatu beharko lituzkete, elkarrekin esertzera behartu gabe.
7. Konferentziaren koordinatzaileek bake-plan baterako hasierako zirriborroa aurkeztu beharko dute, eta etorkizuneko garapenean laguntzeko interesa duten estatu eta nazioarteko erakunde guztiak parte hartzera gonbidatu. Era berean, agenda bat osatu beharko litzateke, urtebeteren buruan osatzeko.
8. Gatazkan dauden aldeen artean bake integrala lortzeko elementu nagusiak ahalik eta modu praktikoenean konbinatu eta ezarri behar dituela bake-planak esaten du proposamenak, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak errespetatuz eta aurretiaz egin diren nazioarteko ahaleginak kontuan hartuz,
9. Bake-plan horren funtsezko elementuetako bat Israelentzat eta etorkizuneko Palestinako Estatu independentearentzat segurtasun-berme sendoak garatzea izan beharko litzateke, elkarrekiko aitorpen diplomatiko osoaren eta Israel zein Palestina eskualdean erabat integratzearen baldintzapean.
10. Koordinatzaileek ahalik eta gehien kontsultatu behar diete gatazkan dauden aldeei, baina lanean aurrera egingo dute, gatazkan dauden aldeetako bat edo bestea parte hartzeko prest ez badaude ere.
11. Behin plana osatuta, gatazkan dauden aldeei proposatu behar zaie. Eta, une horretan, prozesuan inplikatutako estatuek eta nazioarteko erakundeek bi aldeentzat aurreikusten dituzten ondorioak azaldu behar dituzte, konpromisorik lortzen duten edo ez kontuan hartuta.
12. Bake planaren garapenarekin batera, ahalegin paraleloak egin behar dira egungo gerrari amaiera emateko, Gazan eta Israelgo hegoaldean kaltetutako komunitateak berreraikitzeko eta Palestinako Agintaritzaren zilegitasun demokratikoa indartzeko, besteak beste.